Justiziarik ezean, egitura matxisten aurkako zigorra
Eskandalagarria izan zen, baina ahaztuta zegoen honezkero. 2016ko abenduan gertatu zen, Iruñean. Bi emakumek salatu zuten bi gizonek bortxatu egin zituztela sumisio kimikoa eragiteko sustantzia baten eraginpean, eta Espainiako Poliziak gizon horiek atxilotu zituen. Ikerketaren ardura zuen polizia-unitateko kide bat atxilotuetako baten koinatua zen. Instrukzio judiziala abian zela, poliziaren zaintzapeko funtsezko froga batzuk desagertu ziren eta beste batzuk manipulatuta zeuden, txosten forentse bat «galdu» egin zen, bi emakumeek eta akusatuek elkar ezagutu zuteneko tabernako kamerek grabatutako hainbat irudi ere desagertu ziren, bi gizonen mugikorren datuak gordetzen zituen disko gogorra ezabatuta zegoen... 2018ko azaroan, Nafarroako Probintzia Auzitegiak artxibatu egin zuen kasua, biktimen kontakizunak sinesgarritasuna zuela onartuta, baina sexu harremanak adostu gabeak izan zirela egiaztatzeko zantzurik ez zegoela argudiatuta. Akusatuak libre geratu ziren. Duela bi urte, Nafarroako Auzitegian ibilbide judizial luze bat egin ondoren, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten bi emakumeek. Atzo jakin zenez, Auzitegi horrek Estatu espainola zigortu du bortxaketa salaketa modu eraginkorrean ez ikertzeagatik.
Eskandalagarria eta kezkagarria ere bada, zabarkeria baino askoz larriagoa. Estrasburgok seinalatutako «praxi txar» hori ez da kasu bakan bat, Estatu espainoleko sistema judizialak eta Poliziak matxismoa, oro har kultura patriarkala, eta korporatibismoa oso barneratuta dauzkaten erakundeak dira, eta hau ez da horren erakusgarri bat besterik. Ez da ahalegin handirik egin behar emakumearen jarrera kolokan jartzen duten epaiak oroitzeko, biktimaren janzkera dela-eta, erasotzaileari nahikoa aurka ez egiteagatik... Estrasburgoren ebazpenak aringarria izan behar du biktimentzat; hala ere, gertaeren segidak zer pentsatua ematen du. Bi emakumeen abokatuak esan zuen bezala, bederatzi urteko ibilbide judiziala behar izan dute entzunak eta neurri batean erreparatuak izateko; ez justizia egiteko, ordea. Bere inpunitatea bermatuta daukan sistema bati justizia eskatzea ameskeria da.