Kontraesanak pilatzen ari dira konturatu gabe
01/06/2020

Koronabirusaren pandemiak ohituta ez gauden egoera berriak ekarri dizkigu:  etxeko konfinamendua eta mugitzeko murrizketak. Gure gizartean neurri berezi horiek astindu txiki bat eragin dute. Ezohiko egoera horren ondorioz, hainbat gauza beste modu batean ikusten dute orain herritar askok. Hala ere, egoera berezi horiek nahiko arruntak izaten dira hainbat esparrutan, kartzeletan esate baterako, baina baita nazioarteko mugetan ere. Eremu horietan pertsona asko bizi dira gune berezietan harrapatuak.

Milaka herritar gudetatik edo pobreziatik ihesean beste estatu batera hurbildu dira eta mugetan errefuxiatuentzat sortutako kanpamentuetan gelditu dira mugitu ezinean. Eremu berezi horietan jendea pilatuta bizi da eta edozein gaixotasun zabaltzeko leku aproposak dira. Gaur GARAk argitaratzen duen erreportajean kanpamentuetan bizi direnen testigantzak bildu dira. Covid-19aren balizko infekzioari aurre egiteko gune horiek ez dutela oinarrizko baliabiderik argi dute bertan bizi diren errefuxiatuek. Okerrena da konfinamendu amaigabe batean bizi direla, ezin baitute eremu horiek utzi eta euren bizitza beste lekuren batean berregin. Bertan ez dago ezer egiterik, eta bakoitzak ahal den moduan pasatzen du denbora. Urteak ematen dituzte, migrazio politika eta lege bidegabe batzuen ondorioz harrapatuak. Oinarrizko eskubiderik gabe bizirauten dute gure gizartearen bazter batean.

Belgikako erregearen ilobak, pandemiaren aurkako neurriak errespetatu ez eta Europa erdia zeharkatu du; Estatu espainolera iritsi, hamabostaldia egin gabe festa bat antolatu eta kutsatuta dagoela jakin da orain. Axolagabekeria galant horrek erakusten digu gero eta handiago dela aberatsen eta herritar xumeen artean dagoen aldea. Batzuentzat ez dago bete beharreko legerik; besteentzat, aldiz, gero eta eskubide murrizketa handiagoa. Eta mugako kanpamentuetan harrapatuta daudenentzat, ezta eskubiderik ere. Konturatu gabe kontraesanak pilatzen ari dira.