Normala dena normala egiteko borroka

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko sei kidek gaur deklaratu beharko dute, Auzitegi Nazionalak hala aginduta, ETAri lotzeko saiakera berrian. GARAk aurreratu zuen albistea ez du Euskal Herrian inork ulertzen, berez ulertezina baita gaurko egunean: labur esanda, 2013an egin zuten agerraldian delitu zantzurik ikusi ez bazen, nolatan ikusi daiteke 2025ean?

Hala ere, ez da kontu isolatua. Bost aste barru, Euskal Herrian udako jaien zikloa abiatuko denean, normala ez den beste gauza bat gertatuko da Madrilen: ezker abertzaleko sei kide Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte presoei ongietorriak antolatu izanaren akusaziopean, eta bost urte eta bederatzi urte arteko espetxe zigorren arriskuari aurre eginez. Bitartean, Iratxe Sorzabal euskal herritarra espetxean izango du oraindik auzitegi bereziak, bere kontrako frogak torturaren bidez urratu direla onartu berri duen arren. Ez, ez da normala, ezta onargarria ere.

Baina Sorzabalena ere ez da kasu bakana: Torturatuen Sareak Donostian gogora ekarri duenez, ugariak dira torturaren bitartez osatutako kondenak, berraztertu beharko liratekeenak, biktimak oraindik kartzelatuta dituztelako. «Zenbat lagun izan gara zigortuak hamarkadotan, eta zenbat daude oraindik espetxean torturapean behartutako autoinkulpazioen ondorioz? Eta zenbat ginateke absolbituak, ebazpen honetan egin bezala, torturatuak izan ginela onartuko balitz?», galdera eta hausnarketa mahai gainean jarri zuten. Gogoeta hori instituzioei, alderdiei eta giza eskubideen aldeko eragileei ere luzatu zieten. Eta agerraldia egin bitartean, hiriko beste auzo batean Sareren ekimenak geltokia zuen, beste anomalia nabari bat seinalatzeko: lege arrunta aplikatuz gero, oraindik salbuespen arau eta praktikak ezarriak dituzten 57 preso (28 herritakoak) kalea zapaltzen egongo lirateke.

Honekin guztiarekin, agerikoa da normala ez dena betikotzeko buru-belarri dabiltzala, oraindik ere, espainiar botere ezberdinak. Eta benetako normaltasuna lortzeko borrokari eutsi egin beharko zaiola Euskal Herritik, Sarek laburbildu duen bezala, konponbidearen eta elkarbizitzaren puzzlea osatu arte.

Buscar