Orain Kubaren aurka, betiko narratiba baldarra

Larriak badira ere, dagoeneko ez dute inor harritzen Donald Trumpen administrazioaren gehiegikeriek. Venezuelari edo Irani erasotzeko narratiba baldar bera erabili du Kubaren aurka ere. Uhartearen aurkako presioa nabarmen handitu ondoren, herenegun beste urrats bat egin zuen. AEBren Justizia Departamentuak Raul Castro presidente ohia eta beste bost militar kubatar inputatu zituen orain dela 30 urte Kubako Armadak bi hegazkin txikiren kontra egin zuen operazioagatik. Baimenik gabe Kubako aire eremura sartzean erorarazi zituzten indar kubatarrek hegazkinak. 

Inputazio horrek balio juridiko eskasa du; gainera, Trumpek ez du nazio subirano bat inbaditzeko edo hari erasotzeko aginpiderik Kongresuaren onespenik gabe, eta hala jakinarazi diote behin eta berriro. Hala ere, haren administrazioak aspaldion erakutsi duenez, hori ez da bere kezkarik handiena. Ikusteko dago hurrengo pausoa zein den, baina aurrekariek ez dute ezer onik iragartzen. Kubako Gobernuak «zinismo handia» sumatzen du estatubatuar administrazioaren erabaki horretan, eta egiari zor, zaila da besterik ikustea Karibeko eta Ozeano Bareko nazio uretan hainbat ontzi suntsitu dituen herrialdeko Gobernuaren jarreran. Izan ere, iraingarria da «lagundu» nahi omen dien herrialdeei gerra eta arpilaketa eramaten dizkienaren diskurtso arranditsu baina merkea.

Legez kanpokoak izan dira oro har AEBk denbora luzean eta Trumpek azkenaldian egin dituzten esku hartzeak, baina badirudi guztiz sinetsita dagoela berari dagokiola munduan justizia ezartzea, berea. Nazioarteko komunitateak, bidegabekeria nabarmen horien aurrean, isildu, beste aldera begiratu edo, onenean, ahopeko gaitzespena agertzen du, eta horrela munduari ematen dion mezua da indarra izan eta erabiltzeko prest dagoenak nahi duena egitea zilegi dela. Ez dakigu AEBk benetan sinisten duen munduko zaindariaren papera dagokiola, baina badirudi nazioarteko komunitateak baietz, eta hala izateko arrazoia indarra dela. Eskubideak, askatasuna, balio guztiak diskurtsoen edergarri hutsa baino ez direla ikusarazten dute. Halakotzat dituzte, edergarri hustzat, baina aldi berean, euren hipokrisiaren erakusgarri ere badira.

Buscar