PAI eredua atzerakoia eta antipedagogikoa da
Erriberri, Tafalla, Gares, Sarriguren, Buztintxuri eta Noaingo D ereduko eskoletako gurasoen ordezkaritza batek PAI eredua zabaltzearen aurkako eskakizuna eraman zuen atzo Nafarroako Parlamentura. Denak dira euskara ezagutza eta erabilera baxuko guneak eta denetan bat egiten du gurasoen kezkak: ingelesaren mesedetan euskarari orduak kentzeak murgiltze eredua arriskuan jartzen du. Honenbestez, horretara behartzen duen 2024ko dekretua bertan behera uztea eskatzen dute.
Duela hamabost urte euskarako matrikulazioa higatzearren Yolanda Barcinak asmatutako trikimailua izan zen PAI. Bazkide guztien kritikei muzin eginez, PSNk mantendu ez ezik, bide berean sakondu du inposaketaren bidez, familien eta irakasleen iritziak aintzat hartu gabe. Carlos Gimeno sailburuarekin elkartzeko saiakera guztiek porrotean bukatu dutela gurasoek azaldu eta gero, PSNren ordezkariak Hezkuntza Sailaren elkarrizketarako jarrera ona goraipatzea iraingarria da. Are gehiago, inposaketaren aurkako diskurtsoa denean Maria Chiviteren alderdiak erabiltzen duena, euskararen alde ez egiteko. Gimenok lagun gutxi eta herentzia ankerra utziko ditu hezkuntzaren arloan, PAI ereduaren emaitza euskararen ikasketa prozesua kaskartzea baita, ingelesarena hobetu gabe. Beharrezko baliabideak ere ez dira jarri irakasleek klaseak ingelesez fundamentuz emateko, sindikatuek salatu dutenez. Urrutirago joan gabe, EAEko ingelesaren ezagutza maila Nafarroakoaren parekoa da, Education First-en txostenen arabera. Hemen gaztelaniaren ezagutza da bermatuta dagoen bakarra.
Ez da 2024ko dekretua deuseztatu behar dena, PAI eredu osoa da bertan behera utzi behar dena, hizkuntzen trataera integral baten mesedetan. Euskararen eta ingelesaren ikasketa aurrez aurre jartzen dituen edozein eskemak herra dauka bere barnean jatorritik. Hain da handia zentzugabekeria, ikastetxe gero eta gehiago –errealitate soziolinguistiko oso desberdinekin– PAItik irteten ari baitira, Elizondon hasi eta Cascanten buka. Euskarafobia eta hezkuntzaren zein hizkuntzen ikuskera antipedagogiko eta atzerakoi baten erakusle den PAI ereduarekin amaitzeko garaia da.