PAI programa, Gobernua pitzatzeko arietea

PSNk Hizkuntza Ikaskuntzarako Programa (PAI) blindatzeko lege proposamena eramango du osteguneko osoko bilkurara, eta Navarra Sumaren botoekin onartu nahi du. Hamazazpi egunen buruan eta inolako eztabaidarik gabe itxi du lege egitasmoa PSNk, eta, gainera, ez du Gobernua osatzen duten gainerako alderdien babesik lortu; ezta Gobernuari babesa ematen dion EH Bildurena ere. Are gutxiago sindikatuen sostengua. Hain da presazkoa araua Nafarroako Kontseiluaren txostena ezagutu gabe bozkatuko dela, nahiz eta egitasmoaren edukiak zalantza juridiko ugari sortzen dituen.

Duela hamarkada bat jarri zuen martxan Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak PAI programa. Adierazitako helburua Europako hizkuntzen ezagutza areagotzea zen, batez ere ingelesarena; hala ere, D ereduaren gorakada geldiaraztea zen programaren helburu inplizitua. Maila nahikoa zuten irakasleen faltak kontratazio irizpideak malgutzea ekarri zuen, eta ingelesezko irakaskuntzaren kalitatea ahuldu egin zen, zenbait ikastetxek programa bertan behera uzteraino. Horri guztiari irakasleen behin-behinekotasun handia gehitu behar zaio. Oro har, nahiko agerikoa da programak erreforma sakona behar duela, Pazko oporretan zehar egiterik ez dena, jakina.

Gobernuaren mugimenduak zerikusi gutxi du hezkuntza ereduari, haren gabeziei eta horiek arintzeko moduari buruzko eztabaidarekin. Itxura guztien arabera, lehen urratsa da PAI programa izatetik eredu izatera igarotzeko, UPNk eskatu zuen bezala. Ematen du hezkuntza eredua bereziki garrantzitsua bihurtu dela EAEn Hezkuntza Lege berriaren inguruan lortutako akordioaren ondoren. Nafarroako arauaren inguruan, berriz, beste asmo batzuk antzematen dira. Navarra Sumak lan erreformari buruz PSOErekin lortutako akordioarekin Nafarroako koalizio Gobernua ahuldu nahi zuen. Oraingo akordioa beste kolpe bat da Gobernuaren osotasunarentzako. Legealdiaren amaiera hurbiltzen ari da eta Gobernua pitzatzeko ahaleginak areagotzen ari dira. Kanpotik, eta baita barrutik ere.

Buscar