Palestinan pasibotasuna konplizitatea da
Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakunde humanitarioak “Hau ez da laguntza. Hilketa orkestratua da” izenburua duen txostena aurkeztu zuen atzo. Bertan, zehatz-mehatz deskribatzen da GHF Gaza Humanitarian Foundation erakunde estatubatuarrak elikagaiak banatzeko erabiltzen duen indarkeria sistematikoa. MSFk erakunde hori «berehala desegitea» eskatu du, laguntza humanitarioaren kudeaketa NBEri itzultzea, eta herrialdeei, bereziki AEBri, GHF finantzatzeari eta laguntzeari uzteko eskatu die.
Erakunde humanitarioak adierazi du 54 urtean «oso gutxitan» ikusi dutela armarik gabeko zibilen aurkako halako «indarkeria sistematikoa». MSFk dio GHFk laguntzaren banaketa «krudelkeria-laborategi» bihurtzea lortu duela. Txostenaren arabera, laguntza banaketaren inguruan bala-zaurien %30 baino gehiago buruan, lepoan, bularrean, sabelean eta bizkarrean izaten dira. Patroi horrek iradokitzen du nahita egindako erasoak direla, eta ez ustekabeko sua. Izan ere, agintari palestinarrek 1.400 hildako baino gehiago zenbatu dituzte dagoeneko gosearen ilaretan. Horiez gain, Israelgo Armadak tirokatuta hil diren pertsonak daude, Gazako Zerrendan sartzen diren kamioien laguntza hartzen saiatzen ari zirela hilak. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, egoera horietan 763 hildako izan dira. Kamioiei dagokienez, elikagaiak zaindu behar zituzten pertsonak ere hil ditu Israelek, janaria Gazan jarduten duten mafien esku uzteko. Okupazio sionistak biztanleria palestinarra suntsitzeko erabiltzen duen zitalkeria mugagabearen beste adibide bat.
Azpiegitura zibil eta sanitarioak bonbardatzea, jendetza metrailatzea, blokeoa, gosea eta egarria, eta orain mafien laguntza ere bai; Israelek palestinarren genozidiorako tresnak gehitzen jarraitzen du. Nazioarteko paralisiaren aurrean, Israelek biztanleria zibilaren aurkako indarkeria sistematiko, ziniko, krudel eta miserablea indartzen jarraitzen du. Aspaldi amaitu zen hitzen garaia; premiazkoa da genozidioa gelditzeko neurri zehatzak hartzea eta errudunak epaitzeko pauso argiak ematea. Pasibotasuna konplizitatea da.