Paperaren eta autonomia teknologikoaren alde

Papera amaituko ote den, alegia, iraultza teknologikoaren eta kultura aldaketen ondorioz paperezko egunkariak desagertuko ote diren eztabaidagai bizia izan da. Inork ez zuen pentsatzen, ordea, papera benetan agortuko zenik. Duela zenbait hilabete, aldiz, paperaren produkzio eta banaketa kateak eten ziren eta, horren ondorioz, egunkariak arriskuan egon ziren. Inflazioa dela-eta, lehengaien prezioak ere ikaragarri egin du gora.

Espoliazioaren zorra ordaindu eta gero, egoera zeharo desberdinean egongo ginela aurreikusten genuen. Orduan pandemia heldu zen, eta joko-arauak irauli eta aldaketak azkartu zituen. Ondoren, gerra etorri da. Testuinguru honetan egunkari bat argitaratzea are zailagoa bihurtu da.

Edonola ere, markatutako ildoari eustea erabaki dugu. Transmedia proiektu bat garatzen ari gara, formatu eta bide desberdinen bidez zabalduko dena, Internetetik hasi, irudi bihurtu, irratitik pasatu eta papereraino joango den fluxu etengabe batean.

Prozesu honetan, paperezko edizioa hil ala bizikoa da, gure indarguneetako bat delako. NAIZen garatzen ari den proiektuari genealogia indartsu bat eta sendotasun instituzionala ematen dio egunkariak.

Aldaketa estetikoarekin batera, gaur aldaketa teknologikoa abiatu dugu egunkarian. Ahal den neurrian, autonomia teknologikoari eutsi nahi diogu, gure baliabideak garatuz eta erabateko mendekotasuna saihestuz. Hori ere ez da erraza, jakina.

Izan ere, une historiko honetan, ezer ez da erraza. Egunkari honen funtzioetako bat gauzak erraztea da, gauzen konplexutasuna ezkutatu gabe. Euskal jendartearen kultura maila eta kritikotasuna zorrozteko tresna izaten jarraitu nahi dugu. Mila esker bide honetan laguntzeagatik.

Buscar