Presoak kaleratzeko plan baten adibide eta osagai

Atzo jakin zen Gorka Fraile libre dela, 22 urte preso eman dituen –eta azken bostak gaixotasun larri batekin– durangarraren baldintzapeko askatasuna behin betikoa egin duela Auzitegi Nazional espainolak. Kasu honetan, azpimarragarria da legeak eskatzen duen bide osoa eginda kaleratu dutela, zigorraren hiru herenak beteta, bigarren gradutik pasatuta, kalera ateratzeko baimenak eskatu eta eskuratuta. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aspaldi hartu zuen ildoan, legeak eskaintzen dituen bidezidor eta espazio guztiak esploratzeko eta kaleratzeko denborak murrizteko prozesuak azkartzearen aldeko erabakia hartu zuenetik, bide malkartsu hori eginda kaleratu duten lehenengo euskal presoa izan da. Beste 73 dauzkate zigorraren hiru herenak beteta, nahiz eta horietatik 28 dauden bigarren graduan eta zortziri soilik eman zaizkien kalera ateratzeko baimenak.

Gorka Fraileren askatasuna berandu etorri arren, ongietorria merezi duen lehen urratsa izan behar da. Salbuespenezko denbora batean gauzatu arren, ez dadila bilakatu salbuespen, izan dadila estatuek euskal presoei ezartzen dizkieten muturreko legeak bertan behera utzi eta beraien legedia bete behar dutela oroitarazteko mugarria. Are, dolu eta larriminez beteriko larrialdi garaiotan, munduko hainbat estatu jadanik egiten hasiak diren bezala, izan dadila presoak kaleratzeko programa plangintzatu baten jarraitu beharreko adibide eta osagai.

Egunotan herritar asko kezkaz galdetzen ari da nola biziko duten osasun larrialdi hau euskal presoek, prebentzioko distantzia uztea posible ez den eta gaitza kutsatzeko orduan tranpa hilgarriak bilakatu daitezkeen kartzeletan. Larrialdiari eransten zaion larrimin kolektiboa da, urgentziaz erantzun bat behar duena. Ezohiko egoeran ezohiko neurriak hartu eta ezartzen dira. Hemen aski litzateke gizalege pittin bat eta legedia bera errespetatzea. Atzotik. Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan.

Buscar