Probokazio faxistak babesteari utzi behar diote
Eskuin muturreko talderen bat Euskal Herrira agertzen den aldiro, Poliziaren babesa bermatua izaten du; haien probokazioa salatzen dutenek, aldiz, jazarpena eta zafraldia. Halaxe gertatu zen atzo ere, Falange alderdiak deituta dozenaka ultraeskuindar Gasteizen batu zirenean «Espainiaren batasuna ez da ez bozkatzen, ez negoziatzen» lelopean eta keinu faxistak egiten. Hainbat antifaxista probokazio hura salatzera joan ziren elkarretaratzearen ingurumarira, eta Ertzaintzarekin topo egin zuten.
Memoria historikoa alde bakarreko kontakizunarekin bat etor dadin baliatzen dutenei ardura handia zaizkie hezkuntzan transmititu behar diren zenbait gertakari, baina ez hainbeste beren baimenarekin memoria hori iraintzen dutenen ibilia. Gazte askok eta ez hain gazte diren askok ez dakite atzo goizean Gasteizko plaza batera bildu zirenak erregimen faxista baten ordezkarien ondorengoak direla. Francoren estatu kolpearen bultzatzaile nagusietakoak izan ziren falangistak, eta bai gerran, bai ondoren Estatuko herri gehienetako milaka zibil fusilatu zituzten. Haien oinordekoak, hala azaltzen baitute euren burua, non eta Arabako Foru Aldundiaren parean batu ziren atzo. 1936ko irailean haien arbaso politikoek instituzio horretako burua fusilatu zuten, Gasteizko beste hainbat herritarrekin batera. Ultraeskuin espainolak, baina, erregimen haren milaka biktimak umiliatzeko bulda du, nonbait, Memoria Legea baino lehen eta ondoren, atzo Gasteizen ikusi zen bezala. Inork imajinatzen du Alemaniako hiri batean Alderdi Naziak deitutako elkarretaratze bat?
Ultraeskuinak, hemen nahiz Europa osoan, bere iruditeria patriotikotik harago, baditu beste hainbat agerpen, hala nola feminismoaren edo migranteen aurkako askotariko mezu eta erasoak, lehen bezala orain ere demokrata guztiek arbuiatzen dituztenak. Hala ere, atzo Madrilen desfile militar batekin ospatu zuten Hispanitatearen Eguna eta –Gasteizkoa ulertzeko kontuan izan beharra dago– bertan edo beren etxetik txaloka zeuden demokratak bat datoz Espainiako batasuna edozein balio demokratikoren gainetik dagoela dioen leloarekin, atzo Gasteizera eraman zuten horrekin, hain zuzen.