San Frantzisko eliza, memoriaren garrantzia?
Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza duela 49 urte bertan izan zen sarraskiaren biktimak oroitzeko gunea izango omen da. Horretarako sortu zen iaz Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioa. Estatuko Gobernuak iragarri zuenez, memoria gune gisa aintzatetsiko du eliza hori, Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena dela-eta egiten ari den ekitaldien barruan. Oraindik, ordea, hainbat lege tramite daude eginkizun langileen sarraskia oroitzeko gunea izan ahal izateko, besteak beste elizaren jabegoari dagozkionak. Nolanahi ere, ez da hori arazo nagusia, gaur GARAn eta NAIZen ikusgai dauden argazkiak ikusita. Eraikin hori ez dago bere baitan ez memoriala ez beste ezer hartzeko moduan. Ur putzuak, hormak busti-busti eginda, itoginak, kalteak teilatuan... Irudiak bat datoz duela bi urte egindako txosten arkitektonikoarekin; hark ohartarazi zuenez, eraikinak egiturazko kalteak ditu.
Berrogeita bederatzi urte dira aurten auzo horretan, eliza horretan, Poliziak bost langile hil zituela, eta Basaurin, Tarragonan eta Erroman beste bana. Franco hil berria zen, baina haren oinordekoak bera bezala hil ziren urte asko geroago, beren erantzukizunei aurre egin gabe. 2005ean, sarraskitik ia 30 urte igarota, Arabako Batzar Nagusiek Arabako Domina eman zioten Martxoak 3 Elkarteari, baina elkarteak uko egin zion sari hori jasotzeari, orduko Arabako ahaldun nagusiaren alderdiko ohorezko presidentea Manuel Fraga zelako, sarraskiaren erantzule nagusietako bat, hain zuzen. Hainbat urtetako eztabaidaren eta traben ondoren, instituzioen jarrera oztopatzailea gainditu ondoren, hildako langileak oroitzeko gunea eraikin hori izatea adostu zen. Baina joan den urtean sortutako Patronatuan parte hartzen duten instituzioak ez dirudi horretarako gogotik saiatu direnik.
Memoriari ematen dioten eta orain arte eman dioten garrantziaren erakusgarri ote dira San Frantzisko elizaren irudi horiek? Zer dela-eta zabarkeria hori? Kontakizun ofizialak egiarekin talka egiteko beldurra, agian? Mende erdia igarota, ez da justiziarik egin; mespretxua, ordea, sobera izan da, eta horixe adierazten du San Frantzisko elizaren egoerak.