Tortura, aitortzarako bide bat eta etxeko lan ugari
Nafarroako Gobernuak torturaren beste 21 biktima aitortu zituen atzo; horien artean, orain europarlamentari diharduen Pernando Barrena. Onartutako kasu horiek, denbora tarte zabalean banatuta egonik, tortura sistematikoa izan dela adierazten dute: kasu zaharrena 1980koa da; hurbilena, 2011koa. Biktimetako batzuk behin baino gehiagotan eta indar polizial desberdinek torturatu zituztela ere baieztatu du Gobernuak, 2019an Parlamentuak onartutako legearen aterkipean. Prozesua martxan jarri zenetik, 76 pertsona aitortu dituzte jada indarkeria politikoaren biktima. Eskaerak, ordea, 170 dira, atzo Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak esan zutenaren arabera. Bide batez, gogorarazi zuten 2027ra arteko epea dagoela eskaera gehiago aurkezteko.
Bi eragile horien lana, batetik, eta Gobernuaren jarrera, bestetik, funtsezkoak dira Nafarroan memoria inklusibo baten alde jorratzen ari den bide emankorra ulertzeko, Barrenak gaur orrialde hauetan argitaratzen den elkarrizketan dioen bezala. Bertan jasotzen den testigantza latza gizartera zabaltzeko abagunea sortzen dute, besteak beste, aitortza hauek. EAEn prozesuak aurrera eta atzera eman ditu azken hilabeteak. Aste honetan Gogorak GALen inguruan iragarritako erakusketa albiste ona da, baina PSEren esku geratu den sailaren joan-etorriek zalantza batzuk sortzen dituzte oraindik. Bide luzea daukate egiteko, edonola ere. Zer esanik ez, negazionismoan ez bada mututasunean gotortuta bizi den Estatuak, bidea egiten ere hasi ez dena.
Ibilitakoa asko izan arren, asko geratzen da egiteko, beraz, eta ez bakarrik aitortzaren eremuan. Azken asteetako bi ebazpenek mahai gainean jarri dute judizialki bizirik dagoela torturaren afera. Duela astebete, Raul Fuentes kasuaren harira, Nazio Batuen Erakundeak gogorarazi zuen tratu txarren delituak preskribaezinak direla. Aurretik, ezohiko sententzia batean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal absolbitu zuen, deklarazioa torturapean egin zuela aintzat hartuta. Bi auzi horiek bi bide ireki eta oraindik egiteko asko dagoela erakusten dute.