Zentzugabekeriaren aurkako ebazpena

Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak euskara ulertzeko gai izan beharko omen luke. Ez du Euskal Herrian Euskaraz elkarteak esan, ez Kontseiluak ez Uemak. Seguru asko, elkarte horiei ez zaie gehiegi ardura Carlos Urquijok euskara zein suomiera ulertzen duen. Horiei, euskal herritar gehienei bezala, Gobernu espainiarraren eta frantsesaren ordezkaritzek hemengo instituzioen erabakiak baliogabetzeko duten ahalmenak eragiten die kezka handiagoa. Euskara ofiziala den lurraldean diharduen ordezkariak bertako hizkuntza jakin beharko lukeela EAEko Auzitegi Nagusiak esan berri du, gaztelania hutsean esan ere, Urquijok jarritako helegite bat atzera bota duen ebazpenean.

Ezin uka Irurako Udalak informazioa euskara hutsean bidali izana ontzat jotzeak baduela garrantzia; gainera, Urquijok auzitara eramandako beste hainbat udalen aurkako helegiteetan eragina izan beharko luke. Baina, bestalde, gogaikarria gertatzen da besterik gabe zentzuzkoa dena behin eta berriz zalantzan ez ezik susmopean ere jartzea. Udal batek aktak gaztelania hutsean bidaltzea normala iruditzen zaio Madrilgo Gobernuari; euskara hutsean bidalitakoek, ordea, haren ustez, ez dute balio eta hizkuntza horretan bidaltzea ez bidaltzearen parekoa da. Izan ere, Urquijok jaso gabetzat jo zuen Irurako Udalaren eta beste hainbaten informazioa. Eta oraingoan EAEko Auzitegi Nagusia zentzugabekeria horren aurka agertu bada ere, ohikoak, egunerokoak, dira antzeko bidegabekeriak.

Ezaguna da Madrilek EAEn duen ordezkariaren jarrera obsesiboa, baina benetako arazoa ez da Urquijo, ordezkatzen duena baizik: Estatu espainolaren ikusmolde inperiala. Horregatik dute hain barneratuta gaztelaniaren lehen gramatikaren egile Antonio Nebrijaren oharpena, hizkuntza inperioaren lagun dela, alegia. Horren arabera, beren hizkuntza eta kosmobisioa normalak dira eta beraiekin bat ez datorren edozein ikur edo jarrera Espainiaren aurkako eraso edo desafio dira. Kezkatuta daude, eta ez dute motiborik falta, beren inperioaren gainbehera dela eta.

Buscar