Zer pentsatua ematen duen obra zaharra

Danimarkako Errege Bibliotekan idoro duten “Doctrina Christiana” obraren lehen edizioko alea ez da nolanahiko aurkikuntza. Handia da Esteve Materraren lan horren balio filologiko eta literarioa, euskaraz inprimatutako lehen liburuetakoa ez ezik, lapurtera klasikoan idatzitako lehena ere bai baita. Aipagarria da, bidenabar, euskalki literario hori euskara batuaren zutabeetakoa dela. Beste alde batetik, ezin goraipatu gabe utzi Aziti Bihia elkarteko kideak doktoretza tesia prestatzeko egiten ari diren lanaren sendotasuna eta zorroztasuna, horien erakusgarri baita, besteak beste, aurkikuntza garrantzitsu hori.

“Doctrina Christiana”-ren egilea ez zen sortzez euskal herritarra. Gaskoniatik iritsi omen zen Euskal Herrira; Sarara, hain zuzen, fede katolikoa hedatzera. Baina bazekien, ondo jakin ere, nora etorri zen. Honela hasten da haren liburuaren hitzaurre apala, «Euskaldunei» idatzitakoa: «Miretsiko duzue agian nik (Euskal-herriko ez naizelarik) Euskaraz eskiribatzeko ausartziaren hartzea». Baina ez dela harritzekoa dio jarraian Materrak; aitzitik, harritzekoa izango zela «ausartzia» hori izan ez balu, uste baitzuen ezagutza laburrekoa eta eskergabea izango zela «baldin Euskal-herrian ikasia Euskal-herriko probetxutan enplegatu ez-panu». Zer pentsatua ematen du Kontrarreforma garaiko frantziskotar horren azalpenak. Izan ere, euskarari eta euskaldunei erakutsitako errespetu hori bitxia gertatzen da nolabait integristatzat jo litekeen pentsamolde baten ordezkari baten ahotan. Eta zer pentsatua ematen du, halaber, ia bi mende geroago Parisko botereak arrazoiaren eta askatasunaren izenean euskaldunen hizkuntza baztertu eta ia galarazi izanak.

Gaur egun, lau mende iraganik, pentsaera «askatzaile» berberaren izenean, garai hartako legeen pean, euskarari ezagutza ofiziala ukatu eta euskal hiztunen eskubideak urratzen dituzte. Uztaritzen, Baigorrin, Barkoxen. Integrismoa ez da XVII. mendeko kontua edo gaur egun munduko zenbait eskualdetan indarrean dagoen fenomenoa soilik. Euskal Herriko hainbat haurrek beren sorterriko hizkuntzan ikastea oztopatzen duena ere bada.

Buscar