1977/2024 , Urtarrilak 3

Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Petrolioaren prezioa, 2008an zetorren krisiaren aurrerapena eta etorkizuneko hondamendien promesa

Oso gutxik ikusi nahi izan zuten, baina ofizialki irailean Lehman Brothersen porrotarekin hasi zen 2008ko krisiaren seinaleak mahai gainean zeuden aspalditik. Urte hartako urtarrilaren 3an, adibidez, petrolio upela 100 dolarrera iritsi zen historian lehen aldiz, zetorrena aurreratuz, eta energiaren prezioaren eta ekonomiaren egoeraren arteko lotura estua gogoratuz. GARAk hurrengo eguneko azalera eraman zuen.

Petrolio putzuak martxan, artxiboko irudi batean.
Petrolio putzuak martxan, artxiboko irudi batean. (Mohssen Assanimoghaddam | DPA)

Ez zen ez 'Egin'-ik ez GARArik egon egun hartan. Funtsean, mende erdi ere ez zelako pasatu Gutenbergek inprenta modernoa asmatu zuenetik, eta artean ez zegoelako egunkaririk. Baina 1496ko urtarrilaren 3an, Leonardo da Vinci historiako lehen helikopteroa hegaldatzen saiatu zen. Kronika ona zatekeen. Porrot egin zuen, asmakizunari hamaika pedal eta polea gehitu arren, lau gizakiren indar fisikoa ez zelako nahikoa hainbeste pisu airean altxatzeko. Baina hazia ereinda geratu zen.

Lau mende igaro behar izan ziren Wright anaiek airea baino astunagoa zen makina bat hegaldatzea lortzeko. Hegazkingintzaren aitzindariei merezimendurik kendu gabe, Da Vincik sumatu ere egin ez zuen laguntza bat izan zuten: gasolina. XX. mendea, batez ere, petrolioarena izan zen, aurrekaririk gabeko industria garapen baterako oinarriak jarri zituen erregai fosilarena. Bere gauza onak izan ditu, zertarako ukatu, baina, bidean, klima aldaketa eragin du. Gainera, ongizateari eta aurrerapenari buruz ditugun ideiei erabat lotuta geratu da, soldatuta. Ez dirudi negozio bikaina izan denik. Petrolio kontsumoaren igoerak planetan bizitzeko baldintzak suntsitzen ditu, eta murrizketak, berriz, ekonomia geldiarazten du. Labirinto horretan galduta jarraitzen dugu.

Beste urtarrilaren 3 batean, 2008koan kasu honetan, petrolio upela historian lehen aldiz 100 dolarrera iritsi zen. Hala jaso zuen GARAk hurrengo eguneko egunkariaren lerroburu nagusian: «Petrolioaren prezioa 100 dolarren langara iritsi da». Hilabete gutxi geroago etorriko zenaren iragarpena zen, eta egunkariak lehen orrira eramaten asmatu zuen. Bide batez, Israelek Gazan suntsitutako etxebizitza baten argazkia ere ikus daiteke portada hartan. Albiste batzuk, zoritxarrez, ez dira inoiz iraungitzen.

Barruan, petrolioaren kostuari buruzko Eguneko Gaia bi titular handitan banatzen zen, zein baino zein grafikoagoa. Nagusian, honakoa irakur daiteke: «Petrolioaren prezioa hamar dolarretik ehun dolarrera igaro da hamarkada bat baino gutxiagoan». Albisteak kronologia bat eta grafiko bat zituen lagun, prezioaren bilakaera erakusteko: 1970ean upel bakoitzeko 1,8 dolar ordaintzen ziren, 2008ko urtarrilaren 3an, 100,09.

Funtsezko azalpen batzuk ere jasotzen ziren berrian, hala nola AEBetako petrolio erreserben jaitsiera –lehengai finitua dela gogorarazteko egokia– edo Erreserba Federalak ezartzen dituen interes tasen murrizketaren aurreikuspena, «ekonomiaren geldialdia saihesteko». Hurbiltzen ari zen krisi monumentalaren osagaiak hor zeuden. Diru merkeak (interes tasa txikiak) likideziaz bete zuen mundua, zorpetze pribatu eta publikoak medio. Hainbeste diru zegoenez zirkulazioan, oinarrizko lehengaien eskaria handitu egin zen, hala nola petrolioarena, eta eskariarekin batera prezioa igo zen.

Eguneko Gai haren bigarren lerroburua are ilunagoa zen: «Europako Batzordeak onartzen du, jarraitzen badute, prezio altuek ekonomian eragingo dutela». Eta tira, hala egin zuten, eta nola gainera. Joaquin Almunia bilbotarra Ekonomia Gaietarako komisarioa zen orduan Bruselan, eta agian sumatuko zuen zetorrena.

Balantzaka zeuden aldamio guztiak hilabete batzuk beranduago erori ziren, irailaren 15ean, Lehman Brothers AEBetako laugarren inbertsio banku handienak porrot egin zuenean. Historia garaikidean inork ikusi ez zuen krisia izan zen arrapaladan etorri zena. Euskal Herrian ere eragin handia izan zuen, langabezia tasa %16ra iritsi zen, eta kaleratzeak biderkatu egin ziren. Amaia Egaña 53 urteko barakaldarrak bere buruaz beste egin zuen 2012ko azaroaren 9an, ordaindu ezin zuen etxeko leihotik salto eginez.

Hori izan zen krisiaren alderdi dramatikoa. Parte lotsagarria, aplikatutako irtenbidea izan zen. Aurrezki kutxa gehienak desagerrarazi zituen banku kontzentrazioak –Hego Euskal Herria ez zen salbuespena izan– eta krisia luzatu zuen austeritate politika batek murrizketa mingarriak inposatu zituen oinarrizko zerbitzu publikoetan. Gehiengo soziala pobretu eta desberdintasuna areagotu zen, aberatsak aberatsago egin baitziren. Gehiengoaren desjabetzearen bidez lortutako kapital pilaketa ariketa erraldoia izan zen.

Eta hamasei urte beranduago, zer?

Hamasei urtean gauza asko gertatu dira, pandemia bat barne, baina energiaren prezioaren gorakadari buruzko titularrek periodikoak betetzen dituzte oraindik. Gure ongizateak, neurri handi batean, energiaren prezioari lotuta jarraitzen du, azken bi urteetan agerian geratu den bezala. Izan ere, ekoizpen eskasiak eta Errusiari ezarritako zigorrek petrolioaren eta, batez ere, gas naturalaren prezioa berriro igo dute, inflazioa handituz eta bizitza asko garestituz.

Erregai fosilekin izatera behartutako elkarbizitza honek, gainera, etorkizuna hipotekatu du, Lurrean bizitza ahalbidetzen duten oinarriak berak aldatuz. Hemeroteka hurbilenak horren testigantza ematen du berriro. 2023ko urtarrilaren 3an, duela urtebete, negu betean Biarritzeko hondartzan bainatzen ari zen jendearen argazki batekin ireki zuen edizioa GARAk. Irudiaren ondoan, baikortasunera gida ezin gaitzakeen titular bat: «2022, inoiz erregistratu den urterik beroena».

Honi buruzko guztia: 2008