1977/2024 , Urtarrilak 12

Ajuria Eneko itunaren sinadura nabarmendu zuen 'Egin'ek 1988ko urtarrilaren 13ko azalean.
Ajuria Eneko itunaren sinadura nabarmendu zuen 'Egin'ek 1988ko urtarrilaren 13ko azalean. (EGIN)
Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Ajuria Eneko Ituna: ezker abertzalea zokoratzea ekarri zuen hitzarmena

1988ko urtarrilaren 12an sinatu zen Ajuria Eneko Ituna, EAJ eta PSEk sustatua eta EA, EE, CDS eta AP alderdien aldeko bozkekin. Igaro dira 36 urte sinadura horretatik, baina EAJ eta PSEren arteko sintonia, ezker abertzalea gobernutik aldentzeko, oraindik ere indartsu dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

2023ko udal eta foru hauteskundeetan agerian geratu ziren estrategiek badute aitzindaria izan zen hitzarmen bat. Aitzindaria ezker abertzalearen zokoratzean, orduan Herri Batasuna zegoen. Gaurko egunez duela 36 urte sinatu zen Ajuria Eneko Ituna, hilabete batzuk lehenago Madrilgo Kongresuan, Felipe Gonzalezen PSOEk sustatuta, sinatu zen hitzarmenaren segida. Horren erakusle da 'Egin'ek nabarmendu zuen hauxe bera: «PSEren neurrira egindako dokumentua».

«Biolentziaren aurkako» itun bezala salduta, Euskadi Normaltzeko eta Baketzeko Hitzarmen bezala ofizial eginda, Ajuria Eneko Itunaren oinarrian zegoen «demokraten eta biolentoen arteko marra» ezartzea; alegia, Herri Batasunaren eta gainerako indar politikoen arteko distantzia handitzea.

Orduan, «ETAren aurkako ituna» izenburu zuela argitaratu zen 'Egin'en urtarrilaren 13ko edizioa, hitzarmenak izan zuen «kontsentsu nabarmena» azaleratzen zuelarik. Hain zuzen ere, EAren jarrera seinalatzen du; lau egun eta 50 ordu pasa iraun zuen bileran, hitzarmena gogor kritikatzetik –bai eta PSEren zentraltasuna ere– honen alde bozkatzera igaro baitzen ordu gutxiren buruan.

Adierak adiera eta akordioak akordio, hitzarmenaren funtsa zein zen agerian geratu zen Txiki Benegasen (PSE) esaldi honekin, 'Egin'ek barneko orrialdeetan nabarmendu legez: «Hemendik aurrera, ETA eta Herri Batasuna bakarrik geratuko dira euskal gizartean». Zentzu berean mintzatu zen Jose Antonio Ardanza (EAJ), Gasteizko Gobernuko lehendakaria: «Euskal alderdi politikoen artean talde bat eratu da gehiengo euskal gizartearen nahiak errespetatzen ez dituzten horiek bakartzeko helburuz».

Bertsio ofizialei jarraiki, hitzarmenaren kutsu politikoa baztertu nahi izan zuten sinatzaileek, terrorismoaren aurkako itun soila zela sinestearren. Baina, memoria eginda, ezker abertzalea sekula politikaren lehen lerrora ez iristea izan zuen asmo nagusi.

Aldana eta Etxegarai

Ajuria Eneko Ituna ETAren kontrako jardueraren lanabesa zen, beste lanabes batzuekin batera Espainiako gobernuaren estrategia gorpuzten zuena. Horretan, neurri politikoak, polizialak eta judizialak erabiltzen zituen, eta ez denak legalak, jakina denez.

1986ko urtarrilaren 12an 'Egin'ek berri izugarri bat eman zuen. Alfonso Etxegarai eta Angel Aldana Ekuadorren ziren euskal deportatuak bahitu eta torturatu zituzten. Ekuadorreko poliziek atera zituzten haien etxeetatik, ondoren polizia espainolen esku uzteko. Tortura basatiak jasan zituzten. Antza, ETAk bahitua zuen Juan Pedro Guzman enpresa-gizona askatu ahal izateko informazio bila ari zen polizia.

1986ko urtarrilaren 12ko EGINen azala.

Lehen urratsak, 1987an

1987an, gatazka politikoa bere puntu gorenean zegoen eta, beraz, Madrilen mugitzen hasia zen «terrorismoaren aurkako hitzarmena», ETAren aurkako estrategia gorpuztuko zuena. Bartzelonako Hipercor supermerkatuan eta Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelean egindako atentatuek sekulako astindua suposatu zuten, eta horren eztanda Ajuria Enera iritsi zen, itunaren lehen urratsak egiteko. Hain zuzen ere, 1987ko azaroaren 6an, Estatu espainolean sinaturikoa erreferentetzat hartu zuten Ardanzak eta Benegasek. Ajuria Enearen ikuspegi zentralista kritika-gai izan zuen Herri Batasunak.

ETAren ekintzen aitzakiapean suspertu zen Ajuria Eneko hitzarmena, baina hautetsontzietan ezker abertzaleak izan zuen gorakada nabarmena aintzat hartu behar den faktorea da, itunaren 30. urteurrenean Iñaki Altuna NAIZeko zuzendariak, Info7 Irratian, ongi iradoki zuen legez. Era berean, EAJren ahuldadea ere faktore izan zitekeen, eszisio bat tarteko. Alegia, EAJ eta PSEren statu quoa mantentzeko akordioa izan zela.

Negoziazioen kronologia

Negoziazioen kronologia xehatu zuen 'Egin'ek, irailaren 25ean hasi eta urtarrilaren 12ra arte egin ziren urratsekin. «109 egun ETAren aurkako ituna sinatzeko», izenburua erabili zuen 'Egin'ek. Elkarrizketa errondarekin hasi zen Ardanza, eta lehendabizikoa bukatzean «geldialdia» egin zen, Zaragozako atentatua gertatu zen arte.

Bigarren errondarekin hasita, agerian geratu zen HBrekin zuten ezinikusia, hiruko bilera baztertu baitzuen PSEk. Hala, ezker abertzalea, Tasio Erkizia eta Josu Iraeta ordezkari, negoziazioetatik atera zen, «PSEren interesetara hipotekatu zelako EAJ».

1987ko abenduan lehen zirriborroa eratu zuen Ardanzak, eta Nafarroa EAEra batu zitekeela zioen puntuak zenbait kritika suspertu zituela-eta, hau salbuetsi eta gabon zahar egunean bigarren zirriborro bat helarazi zien alderdi politikoei, HBri izan ezik. 

1988. urtean sartu berritan, hitzarmena sinatzeko bilerak hasi ziren, 5ean abiatu eta 12an bukatu, azkenean EAren babes eta guzti, duela 36 urte.

Statu quoa babesteko saiakera horretan dabiltza oraindik ere EAJ eta PSE, ezker abertzalearen gorakadaz jabetu nahi ezinda; edo, hain zuzen ere, ondo jabetu direlako. Duela hiru hamarkada pasa HB bakartzeko estrategiak bere emaitzak eman zituen, «euskal gizartearen txar guztien erantzule ETA zela sinetsita», 'Egin'ek bere azalean adierazi zuen legez.

«Preso guztien askatasuna ekarriko luke ETAren armagabetzeak», zehazten zen Ajuria Eneko Ituneko lerro batean, eta GARAk 2011n ohartarazi zuen. Igaro dira ia 15 urte ETAk armak utzi zituenetik eta dispertsioaren gatibu dira euskal preso politikoak.

GARAren azala, 2011ko urriaren 6an.

Honi buruzko guztia: 1988