1977/2024 , Urtarrilak 23

Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Sakabanatzearen amaiera sumatzen zenean NAIZek argitaratu zuen erreportajea

Euskal presoen sakabanatze eta urruntzearen amaiera sumatzen zenean, NAIZek ikus-entzunezko erreportaje bat egin zuen, artean milaka herritar jasaten ari ziren espetxe politikaren ertzak agertzen zituena.

Euskal preso baten senideen istripua salatzeko agerraldi jendetsua Bilbon, 2014an
Euskal preso baten senideen istripua salatzeko agerraldi jendetsua Bilbon, 2014an (Monika DEL VALLE | FOKU)

Pakito Lujanbiok ia 30 urte egin zituen kartzelan; Amaiur Iragik 19 urte zituen orduan, eta aita kartzelan zuen jaio zenean; Ibon Garateren anaiak bizia galdu zuen bisita batetik bueltan, eta Inaxio Oiarzabal Sareko kidea zen. Lauren testigantza jaso zuen NAIZen «(ia) Amaiera» ikus-entzunezko erreportajeak 2022ko urrian, Euskal preso politikoen sakabanatzea hasi zenetik 35 urte igarota eta ETAk bere jardun armatua utzi zuenetik 11, presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzen ari zirela.

Erreportaje honek ez du zalantzarako tarterik uzten zenbait galderaren erantzunei dagokienez; esate baterako, zein izan zen sakabanatzearen helburua, edo ustezko helburu hori bete ote zuen. Haren ondorioa argia da: «Espetxe politika horrek eragin duen gauza bakarra sufrimendua areagotzea izan da, bai presoena, baita senide eta lagunena ere».  

87ko urtarrilaren 26an, lehenengo euskal presoak sakabanatu eta hiru egunera, Justizia Ministerio espainolak esan zuen Herrera eta Alcala beteta zeudela, eta hautatutako kartzelek Herrerakoen antzeko segurtasun baldintzak zituztela. Sakabanatzearen «arrazoiak» aldatuz joan ziren, ordea, hilabeteek eta urteek aurrera egin ahala.

Senideen zigorra

PSOEk eta EAJk adostutako espetxe politika hura Alcala eta Herrerako kartzelak gainezka zeudelako abiatu zutela esan bazuten aurrena, ondoren presoen «gizarteratzea» errazteko neurria omen zen, haiek erakundearen kontrolpetik askatzeko, erakundearen disziplina hautsi eta borroka armatuaren amaiera errazteko… eta barreiatzea presoek beraiek eskatu zutela esatera ere iritsi ziren.

Argi eta garbi geratu zen, ordea, presoen aurkako mendeku hutsa eta haien senide eta hurkoen gaineko presioa areagotzeko estrategia zela. Izan ere, sakabanatze politikak helburu bikoitza zuen: presoak bakartzea, haien gaineko presioa areagotzeko, eta senideak zigortzea.

Borroka armatua amaitzeko tresna gisa ezin liteke esan oso eraginkorra izan zenik, sakabanatzea hasi eta ia 25 urte geroago utzi baitzuen ETAk borroka armatua. Izan ere, jardun armatua amaitu ondoren, sakabanatze eta urruntze politikak bere horretan jarraitu zuen 10 urte geroago arte. Oraindik 2017ko azaroan, Angel Yuste Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak dispertsio-politikaren «eraginkortasuna» defendatu zuen, GARAk jaso zuenez: «ETAk bere presoak kontrolatzen saiatzen jarraitzen du, duela urte batzuk bezala», esan zuen Yustek.

NAIZen erreportaje honek espetxe politika horren alderdi guztiak islatzen ditu. Presoak zigortzeko helburuaz, gainera, senideei larrutik ordainarazi nahi zieten beren hurkoak maitatzea. Urruntasuna ez zuten arrotz eta bidaiatzeko modua garrantzi handikoa zen, baina sakabanatzeaz geroztik, ez zeukaten denen artean bidaiak antolatzerik. Inguru berean zeuden kartzeletara joateko furgonetak alokatzen hasi behar izan zuten, kotxeetan moldatuz, edo beren kabuz eta ahal zuten moduan.

Hamasei hildako

Astero-astero milaka euskal herritarrek etengabeko arriskuari aurre egin behar izan diote errepidean, eta horren ondorioa ezin latzagoa izan da: presoen hamasei senide nahiz lagun hil dira, eta beste hainbat zauritu, presoak ikusteko bidaietako istripuetan.

Hori izan zen sakabanatzearen ondoriorik larriena, baina ez da ahaztekoa jasan zuten sarraski ekonomiko ikaragarria ere, edo bidaietan jasan izan dituzten polizien gehiegikeriak, hala nola 1989an Alcalako kartzelako kanpoaldean uniformez eta kaleko jantzitako guardia zibil, polizia eta espetxe funtzionarioek berrogeita hamabost senide eta lagun zihoazen autobusa harrikatu zutenean; hamar lagun zauritu ziren umeak ere bazihoazen autobus hartan.

Motxiladun haurrak, haurtzaroa ez ezik gaztaroa ere eman dutenak senide bat edo gehiago ikusteko, milaka kilometroko bidaiak egitera behartuak; adineko jendea, denbora luzez beren senideak ezin ikusita, haietako asko seme-alabak edo bilobak urteak ikusi gabe eman ondoren hil direnak.

Estatu espainolak euskal presoen aurka abiatu zuen oldarraldi horren iruntzia elkartasuna izan zen. Euskal Herrian erakutsitako sostengutik Herrerara eta gero beste kartzeletara egindako martxetaraino, edo Mirentxin, 1990eko hamarkadaren amaieran sortu zen ekimen solidarioa; azken hau 2022ko urtarrilean desegin zen, presoen Euskal Herriratzea bideratuta zegoenean, urruneneko kartzeletan euskal preso politikorik ez zegoela.

Sakabanatze politikaren alderdi eta garai horiek guztiak jaso zituen NAIZek erreportaje honetan, lau protagonista horien lekukotasunaren eta hainbat irudi eta dokumenturen bidez.

Honi buruzko guztia: 2022