1977/2024 , Otsailak 19

Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Aingura altxatu zuenetik, Euskaldunan bidaiari

Gaurko egunez, orain dela 25 urte, inauguratu zen Euskalduna jauregia. Bertan kokatuta zegoen ontziola zaharraren lurretan errotutako eraikina «bukatu gabeko ontzi» legez irudikatu zuten arkitektoek, transformatzeko gaitasuna izan behar zuelako. Lau lekuko hauen ahotan, bizitzaz eta istorioz beteta dago.

Euskalduna Jauregia, gaur egun.
Euskalduna Jauregia, gaur egun. (Natxo MATXIN EDESA)

Lehenik, 1997ko urrian, Guggenheim museoa zabaldu zen; gero Euskalduna jauregiak ireki zituen ateak, zehazki 1999ko otsailaren 19an. Agian, Bizkaiko hiriburuak 90eko hamarkada bukaeran bizi izan zuen eraldaketa-prozesuaren metaforatzat har daitezke eraikin hauek biak. Erabat industriala izatetik, hiriaren bizitza ekonomikoa zerbitzuetara eta turismora bideratzeko hautu garbia egin zen. Orduan Bilbo zaharra, trajea aldatu, eta eraikin abangoardistekin jantzi zitzaigun, skylinea aldatu... eta Abandoibarraren bukaeran ez al zen ontzi baten itxurako eraikin bat altxatu? Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoek ontzi forma eman zioten eraikinari, berritzailea oso. Tokia, sinbologia handikoa. Jauregia eraikitzeko erabili zen materiala ere (corten altzairua, hemen egiten diren ontzietan ohiko materiala dena) ontzigintzarekin loturik dagoen iraganaren alegoria zen.

Urteurren honen karietara, Bilboko biltzar eta musika jauregira gerturatu gara egitura honen hastapenak eta bizipenak ezagutu dituzten lau langileren testigantza jasotzera. Poza dago, argi dago, atera berri diren datuek sendotasunaren adierazle direlako: 2023an, 100 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izan du Euskaldunaren jardunak Bizkaian. Iaz ere 350.000 bisitari izan zituzten. Markak hautsi dituzte diru-sarreretan –8 milioi euro– eta kongresu kopuruan... eta, adierazgarriena, jada zenbaki positiboetan ageri da ekonomialariek hainbeste maite duten cash flow-a; hau da, bere jardun propiotik bizi ahal da dagoeneko zentroa.

Eguneko lehen ordutik mugimendua dago eraikinean. Gaixotasun Erreumatiko Autoimmune Sistemikoen IX. Sinposioko partaideak akreditazioak jasotzen ari dira. Jarraian egin den bigarren kongresua da. Aldi berean, 2.164 eserleku dituen Auditorium handian OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak bere opera polemikoena estreinatu berri du. Etengabeko mugi- mendua dago hemen.

Kaskoa eta botak

«Ni naiz denbora gehien daramana, hau eraiki baino lehenago hasi nintzelako», esan du Begoña Anguisolak, Negozioa Garatzeko zuzendariak. Emakumez osatutako lantalde baten buru denak –«emakume super prestatuak, formazio handikoak»–, taldearen garrantzia azpimarratzen du. Berea «ederra» da.

Ezker-eskuin, Martin Sagasti, Maria Luisa Morales, Nerea Baldor eta Begoña Anguisola. Inaugurazio egunean jaiotako bilbotarren izenak daude idatzita eraikinaren barnean dagoen «brankan». (Argazkiak: Oskar MATXIN | FOKU)
Ezker-eskuin, Martin Sagasti, Maria Luisa Morales, Nerea Baldor eta Begoña Anguisola. Inaugurazio egunean jaiotako bilbotarren izenak daude idatzita eraikinaren barnean dagoen «brankan». (Argazkiak: Oskar MATXIN | FOKU)

MICE arloak (meetings, incentives, conferences and exhibitions, ingelesez) diru asko mugitzen du. Datu esanguratsu bat: iaz kongresu-jarduerek 4 milioi euro inguruko diru-sarrera ekarri zuen. 90eko hamarkada bukaeran, hasiberria zen Begoña Anguisola gazte hura beste egoera batean zegoen: «Bulegoa Mazarredo kalean genuen eta etortzen ginen hona bezeroekin kaskoa eta botak jantzita. Egun batean toki batetik sartzen ginen, hurrengoan beste batetik, dena obretan zegoelako! 'Hemen daukagu auditorioa, hemen egongo dira besaulki urdinak...' esan eta infografia batekin erakusten genien nola geldituko zen. Oso polita izan zen. Hasi ginen orrialde batekin, erreserba guztiak paperean hartuz eta plano batean markatuz. Guk horregatik daukagu Euskaldunarekiko sentimendu sakon hau».

Hastapen haiek eta 2003. urtean Apex Award-etan lortutako Munduko Kongresu Zentro Onenaren aitortza du memorian iltzatuta Anguisolak. Bere arloan Oscar sarien pareko sariok eta 2003an Alemanian egin zen gala hura irribarrez gogoratzen du; Quebec eta Sofia gainditu zituen Bilbok. «Zergatik eman ziguten saria? Elkarrizketa mordoa egin zizkieten gure bezeroei, hemengoei, Estatu mailakoei eta nazioartekoei. Azken finean, gure bezeroen oniritzia oso garrantzitsua da. Gure lanaren helburua da bezeroak ondo eta pozik egon daitezen», azpimarratu du. Eta «preskriptore» figuraz hitz egin digu: «Bilbo edo Euskal Herriko pertsona bat da, kideei esaten diena: 'Nik nire herrira eraman nahi dut kongresu hau'. Garrantzitsua da oso, zeren azkenean bere izen ona mahai gainean jartzen du».

Maria Luisa Morales merkataritza-garapenaren kudeatzailea ere hasiera-hasieratik dago, lokatz artean bezeroak bereganatzeko lanean jo eta su aritzen zirenen garai haietatik. Bilbo erabat aldatu da: «Orduan ez zegoen hotelik, garraioak ere asko hobetu dira». Martxa honetan sartuta 25 urte pasatu zaizkigu: «Denbora ziztu bizian doa, eta horrek harrituta uzten nau –dio–. Hau denboraren tunel bat da, gu ez garelako toki honetatik mugitu, baina jendea eta espazioa aldatzen joan da. Euskalduna aldaketarako gune bat da».

Telebista mundutik zetorren Morales; ez zuen mundu hau menperatzen. Ikasketa bat? «Inplikatu behar duzula, jendea pozik atera dadila lortu behar duzu jokoan asko jartzen duelako hemen: bere bizitza, bere lana... bi urte edo gehiago eman ditzakete mota honetako proiektu bat garatzen, bai kongresu bat edo jardunaldi bat. Askotan psikologo lanak egiten ditugu. Egun, nazioarte mailan gure lekua lortu dugu, baita finkatu ere, hasieran ametsa bat zen arren, ez zekiten-eta Bilbo non zegoen ere. Gaur egun 'ligaren' lehen mailan gaude dugun garrantziagatik. Tamaina aldetik ez, Las Vegas, Chicago eta Bartzelonan 14.000 partaide har ditzaketelako, eta hemen 4.000; hori da zenbaki egokia gu eroso ibiltzeko».

«Aititeren» eredua

Nerea Baldor Euskaldunaren «ahotsa» da, berea baita emanaldietan eta komunikazioetan entzuten dena. Hasieratik dago etxe honetan, harreran urte askoan; egun, komunikazioan. «Nire aitite hemen lan egindakoa da –dio–. Justo Pikaza zen, Orozkon jaioa eta hirira etorria. Ikasketak zituenez, hemen, ontziolan, lanpostu bat lortu zuen». Justo Pikazak, itsasontzi bat uretara botatzen zen bakoitzean, 1.000 pezeta jasotzen zuela kontatu zion amonak Nereari. Bere bilobarentzat, nazioarteko kongresu bat Bilbora erakartzea pareko ordaina da. Paralelismoz, sinbologiaz beteta dago bizitza. «Niretzat poztasun motibo bat da, zeren uste dut hemen lanean ari garenok bizi berri bat eman diogula Euskaldunari. Amak askotan esaten zidan aitite hilko zela penaz 80-90eko hamarkadetan Euskaldunan gertatu zena ikusi izan balu, baina bestalde, gaurko garaian ikusita, Euskaldunak bizi berri bat du. Nolabait berpiztu egin zen eta hemen egiten dugun lanaz eta ahaleginaz nik uste dut harro egongo zirela garai hartan hemen lanean aritu ziren langile guztiak».

Amaitu gabeko eraikina

Martin Sagastik ere 25 urte daramatza hemen lanean eta, gainera, aurki erretiroa hartuko du. Euskaldunako zuzendari teknikoa da, eta arlo zabal hau bere eskuetan dago: kongresuen eta kultura ekitaldien muntaketa, mantentze lanak, kontratazioa, instalazioak eguneratzea... Talde murritza du, zortzi lagunekoa, baina lana zenbatezina. «Kasualitatea da, baina gaur bertan [ostiralean] arkitektoarekin egon naiz. Eta adarra jo diogu eraikinari 'bukatu gabeko ontziola' deitu ziolako, Euskaldunaren dartsenan eraikitzen ari zen itsasontzi bat simulatzen zuelako. Egia da inauguratu zenetik etengabe egin ditugula moldaketa lanak; hau da, amaitu gabe dago oraindik, eta amaitu gabe jarraituko du aurrerantzean; izan ere, merkatuan zerbait berria sortzen den aldiro, sartzen saiatzen gara. Edo egin beharreko moldaketak sartzen dizkiogu ere. Eraikin berak aukera eman du behar berrietara egokitzeko, ez baita eraikin estatikoa, behar berriak aldatzeko aukera eman duelako».

Honi buruzko guztia: 1999