1977/2024 , Otsailak 22

Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Zabalza, Buesa eta Nafarroako aldaketa; azkar aldatu direnak eta mugiezinak

Herri batean, aldatu diren gauzen neurria ematen dute egun batzuk. Eta oraindik aldatzear daudenena ere bai. ETAk Fernando Buesa hil zuen egunean, gutxik pentsatuko zuten gaur egun EH Bilduk Gasteizen hauteskundeak irabaziko zituenik. Eta Nafarroan, Barcinaren ustelkeriaren aurka 2014an mobilizatu zirenek ez lukete sinetsiko PSN eta EH Bilduk elkarrekin zokoratuko zutela UPN hamar urte beranduago. Mikel Zabalzaren auzian, ordea, zaharrak berri.

2014an Nafarroan aldaketa eskatzeko egin zen manifestazio erraldoiaren irudia.
2014an Nafarroan aldaketa eskatzeko egin zen manifestazio erraldoiaren irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Otsailaren 22 batean hil zituen ETAk Fernando Buesa PSEko buruzagia eta bere eskolta, Jorge Diez, 2000. urte gogor hartan. Ez zen edonolako ekintza izan, Buesa ez baitzen edonor. Urte luzez Arabako PSEko liderra, Arabako ahaldun nagusi ohia, Lakuako lehendakariorde ohia, bozeramailea Gasteizko Legebiltzarrean, alderdiko antolakuntzako idazkaria, PSOEko zuzendaritzako kidea eta, oro har, alderdi barruan tesi espainolistenen ordezkari nagusietako bat.

Lurrikara handia eragin zuen Buesaren heriotzak. Ezker abertzalearen isolamendua areagotu zen, Juan Jose Ibarretxek egun berean eman baitzuen apurtutzat Euskal Herritarrok-ekin Legebiltzarrean zeukan akordioa. Horrek, ordea, ez zuen indar espainolisten erasoetatik libratu. Ibarretxe katedraleko ate sekundario batetik atera behar izan zen Buesaren hiletan, eta txistuak jaso zituen atentatua salatzeko deitutako manifestazioan.

Ia mende laurden bat beranduago, Gasteizen EH Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, eta udalean PSEk agintzen du, EAJ eta PPri esker, baina aurrekontuak ezker independentistarekin adostuta. Aldatu dira gauza batzuk.

Nafarroan aldaketa grinak eztanda egin zuenekoa

Beste otsailaren 22 batean, 2014an, Iruñean garai hartan ikusi zen manifestaziorik handiena egin zen. «Regeneración democrática, ustelkeriarik ez, la palabra al pueblo», irakur zitekeen 21.000 eta 27.000 pertsona artean bildu zituen mobilizazioaren pankarta nagusian. Aldaketa zetorren herrialdera.

Kontuz ekimenak UPNren ustelkeria kasuak ezagutzera emanak zituen dagoeneko, bereziki Caja de Ahorros de Navarra (CAN) erakunde historikoari lotutakoak. Miguel Sanz lehendakari ohia inputatuta zegoen, eta Yolanda Barcina lehendakaria jomugan zegoen, bai CANen aferarengatik, baita Ogasuneko BEZaren diru-bilketaren inguruko eskandaluagatik ere.

Aldaketa grina nabarmena zen, baina horretarako, oraindik, PSNren botoak ezinbestekoak ziren. Enegarrenez, Roberto Jimenezek baietz zioen, oraingoan zentsura mozioa aurkeztuko zutela –urtebete lehenago, ez zuten babestu Nafarroa Baik eta Bilduk aurkeztutakoa–. Manifestazioa eta bi aste beranduago, ordea, Alfredo Perez Rubalcaba buru zuen PSOEk Jimenezi debekatu zion mozioa aurkeztea, beste behin Ferrazen lehentasunak nafarren nahien gainetik kokatuz.

PSOEren kalterako, nafarren aldaketa nahia Ferrazen inposaketak baino handiagoa zen, eta urtebete beranduago, UPN kanporatu zuten, bai Nafarroako gobernutik, bai Iruñeko udaletik. Ez hori bakarrik, PSN ere ekuaziotik kanpo utzi zuten. Podemos eta bere magalean sortutako hautagaitzek erraztu zuten karanbola historiko hark Uxue Barkosek eta Joseba Asironek osatutako tandema aldaketaren ikur bilakatu zuen.

Maria Chivitek alderdiaren ardura hartu zuen, eta PSNren aliantza politikari buelta eman zion galtzerdi bati bezala. Arrakasta handiarekin, gainera. Pedro Sanchezen olatuan surfean, Maria Chivitek bigarren legealdia du dagoeneko Nafarroako lehendakaritzan, EH Bildu bidelagun. Joko politikoaren iraultzak koska bat gehiago eman zuen 2023ko abenduaren 28an, PSNk lehenengo aldiz ezker subiranistako hautagai bat babestu zuenean. Ez edonor, gainera. Iruñean gertatu zen, UPNko Cristina Ibarrola alkatea kargugabetu eta Joseba Asiron EH Bilduko hautagaiari aginte makila eman zion zentsura mozioan. Aldatu dira gauzak Nafarroan hamarkada batean.

Intxaurrondoko audioen itzala

Azkenik, otsailaren beste 22 batean, 2021ean, 'Público' hedabideak Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko audio batzuk argitaratu zituen. Grabaketan Cesideko orduko zuzendari Alberto Perote eta Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa entzun zitekeen. Edukia ezaguna zen, epaitegietan zegoen aspalditik, inolako ondoriorik gabe, baina grabaketa entzuteak lurrikara txiki bat sortu zuen Euskal Herrian. Miguel Angel Llamas 'Pitu' eta Amaia Merinok topatu zuten, 'Non dago Mikel?' dokumentala egiteko ikerketaren barruan.

Ez zen gutxirako izan. «Zabalzaren gaia oso itsusia jarri da, nire iritzi azkarra da eskua joan zaiela, galdeketan geratu zaiela (…). Litekeena da bihotz gelditze bat izan izana, buruan poltsa jartzearen ondorio», azaltzen du Perotek. Badaki zeri buruz ari den, poltsaren tortura mekanismoa ongi ezagutzen duela argi uzten baitute grabaketek: «Momentu bat iristen da non arnasten duena bere karbono monoxidoa den, orduan itotzen hasten da. Esfinterrak irekitzen zaizkio, ito egiten da eta, gainera, begiratu egiten gaitu, gakoa ez baita berak ez ikustea (…), kaputxa gardena izan behar da, berak bai bizitza bai datorren heriotza hori ikusi ditzan».

EH Bilduk eta EAJk Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari kontuak eskatu zizkioten, eta epaile ohiak arazorik gabe erantzun zuen auzitegiek gaiari eman zioten erantzuna akatsik gabea izan zela. Bi urte beranduago, iaz, Zabalzaren heriotzan inplikatutako Arturo Espejo guardia zibilaren maila-igoera justifikatu zuen, bere kontrako ebazpen judizialik ez dagoela arrazoituta. Lourdes Zabalza Mikelen arrebak erantzun zion: «Nola inputatuko zuten inor, ez bazen ikertu?». Azken gertaera aurreko astekoa da: Isabel Diaz Ayusok Espejo Madrilgo kargu baterako izendatu zuen. Albistea publiko egin eta berehala, ordea, bertan behera utzi zuen PPko buruzagiak izendapena.

Asko aldatu dira gauza batzuk herri honetan tarte txikian; beste batzuk denbora gehiegi daramate aldatu gabe.

Honi buruzko guztia: 2000