1977/2024 , Otsailak 25

Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Negu Gorriak-en garaipen ospakizunak eztarria urratu eta bihotza hunkitu zion belaunaldi oso bati

Gaur duela 23 urte Negu Gorriak taldeak azken kontzertua eman zuen Anoetako Belodromoan. Galindo guardia zibilak euren aurka irekitako auzia irabazi izana ospatzeko, 30.000 lagunek bat egin zuten hiru egunetako emanaldi sorta gogoangarrian.

Negu Gorriak taldeko kideak ‘Geurea da garaipena’ kortzertu sortaren aurkezpenean. Bi egitekotan ziren, 23an eta 24an; hiru izan ziren azkenean.
Negu Gorriak taldeko kideak ‘Geurea da garaipena’ kortzertu sortaren aurkezpenean. Bi egitekotan ziren, 23an eta 24an; hiru izan ziren azkenean. (Jon URBE)

Karteleko katuak Poliziari ihes egin zion gisan ihes egin zigun guri kontzertuan egoteko aukerak. Negu Gorriak taldearen agurra, haren garaipena ospatzeko jaialdia, kontzertu bana Baionan eta Donostian. Pentsa zer zen hura... Sarrerak, noski, azkar-azkar agortu ziren, eta milaka eta milaka gazte hor geratu ginen, penatuta, historikoa izateko zantzu guztiak zituen hitzordura joateko ezinagatik. Ez ziren malko gutxi isuri egun horietan.

Milaka eta milaka ginen, bai, hainbeste, ezen Neguko kideek pentsatu baitzuten ez zela bidezkoa kanpoan uztea. Eta, hara non, hirugarren kontzertu bat egitea erabaki zuten. Penatik algarara pasatzeko behar izan genuena baino denbora gutxiago hartu genuen sarrerak erosteko. Bizitzak bigarren aukera bat oparitzen badizu, ezin zara tontakeriatan ibili.

Eguna heldu zenean, oraindik gure zortea ezin sinetsita, Basauritik goiz samar atera eta Donostiara kontzertua hasi baino ordu batzuk lehenago heldu ginen, soinean NG-ren elastikoa eta kremaileradun poltsikoetan sarrerak. Katuak poliziei bai, baina guri ez zigun ihes egingo.

2001eko otsailaren 25a zen, gaur duela 23 urte, eta Anoetako gau hura bizi izan genuenok ez dugu sekula ahaztuko.

Ustelkeria, hitza, garaipena

Kontzertu horren historia, dena den, hamarkada bat lehenago hasi zen egosten, 1991n ‘Gure Jarrera’ argitaratu zenean. Diskotzar horretako ‘Ustelkeria’ abestian, Fermin Muguruzak eta Kaki Arkarazok hitzez jarri zuten Euskal Herrian jende askok susmatzen zuena; alegia, Enrique Rodriguez Galindok zuzentzen zuen Intxaurrondo kuartelean torturaz bakarrik ez, narkotrafikoaz ere bazekitela zerbait. Edo zerbait baino gehiago.

Guardia Zibilaren teniente koronelak ez zuen hura ondo hartu, eta 1993an salaketa jarri zien taldeari, Esan Ozenki diskoetxeari, Jon Maia bertsolariari eta Angel Katarain soinu teknikariari, bere «ohoreari eta izen onari» kalte egin zietelakoan. Deigarria, Galindoren izena, inola ere ez ona, torturarekin estu lotuta baitzegoen ordurako.

Francoren garaitik Estatu mailan abesti baten letragatik salatua izan zen lehenengo taldea izan zen Negu Gorriak –ez zen azkena izango, tamalez–, eta, hasiera batean, 1994an, Donostiako epaitegi batek salaketa atzera bota bazuen ere, Gipuzkoako Auzitegiak bigarren botean onartu zuen. Eta herri honetan jada ezerk harritzen ez gintuen arren, erabaki horrek kinka larrian jarri zuen taldea eta diskoetxea bera, Galindok hamabost milioi pezeta (90.000 euro) eskatzen baitzituen, dirutza handia, garai hartan.

Herri hau ez da geldi egotekoa, ordea, eta segituan ‘Hitz Egin’ kanpaina abiatu zen, nazioarte mailakoa, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta NG-ri babesa adierazteko. Hainbat ekimenen artean, Oiartzunen 12.000 lagun bildu zituen jaialdia antolatu zuten, Bap!!, Nación Reixa, Xabier Montoia, Deabruak Teilatuetan, Ama Say, Su Ta Gar, Banda Bassotti, Anestesia, Kashbad, Baldin Bada, Dut, Lin Ton Taun, EH Sukarra, Etsaiak eta Negu Gorriak bildu zituena. Badira nor euskal musikaren historian.

1996an taldeak bere ibilbidea bukatutzat eman zuenean, auziak hor jarraitzen zuen, stand by. Eta horrela jarraitu zuen, 2000. urteko ekainean Auzitegi Gorenak Negu Gorriak kargugabetu zuen arte. Galindo zenaren abokatuek ez zuten helegiterik aurkeztu eta, orduan bai, arnasa sakon hartu zuten auzipetuek. Beraiena zen garaipena. Eta, hain zuzen, hura ospatzeko, bidelagun guztiei esker ona adierazteko eta taldeak merezi bezala agur esateko, ‘Geurea da garaipena’ izeneko emanaldiak antolatu zituzten. Bi, hasieran; hiru, azkenean, herriak hala eskatuta.

Mundu bat Belodromoan sartuta

Aldarte horrekin heldu ginen, beraz, Anoetara, garaipena ospatzera. Eta halakoxea zen giroa barruan; parranda gogoa baino, poza, aldarrikapena eta grina ziren nagusi. Eta testuinguru horretan deigarria zen gerturatutakoen jatorri anitza. Ez da esajerazioa esatea mundu osoko jendea bildu zela Belodromoan. Euskal herritarrak nagusi ginen, normala denez, baina ez ziren oso urrun egongo Herrialde Katalanetatik etorritakoak, mordoa baitziren. Galiziatik, Gaztelatik, Andaluziatik, Italiatik, eta Europako beste hainbat txokotatik ere lagun dezente gerturatu zen, eta Ameriketatik ere, gutxi ez. Elkartasuna ei da herrien arteko samurtasuna.

Selektha Kolektiboak eta Banda Bassottik, bakoitzak bere estiloan, kontzertu gogoangarriak eman zituzten, baina gaueko hamar eta erdiak aldera hasi zen musika erauntsia. 

Fermin, Iñigo, Mikel, Kaki, Mikel eta Izaskun Forkada agertu zirenean, 'emoziometroak' eztanda egin zuen, eta hortik aurrera gertatutakoa hitzez azaltzea ez da ariketa erraza.

Pablo Cabezaren kronikak dio ‘Ez dut ezer esan nahi’ eta ‘Hitz egin’ abestiekin hasi zela emanaldia, eta Pablok hala badio, hala izango zen, nik gogoan daukadan bakarra da gauak aurrera joan ahala eztarria urratzen joan zitzaidala. Kantak bata bestearen atzetik jaurtitzen zizkiguten oholtzatik, eta guk ahal genuena egiten genuen beheko trintxeratik. Batzuek banderak haizatuz, beste batzuek ukabilak, eta hankak ere bai, erdi dantzan erdi ostikoka.

Noizean behin Ferminek tregoa ematen zigun, mikroa hartu eta, patxadaz, zentsuraren aurkako ideia zabaltzeko, baina izerdi patsetan geunden denok lehenbiziko bala gertu pasa zitzaigunerako. Hura erritmoa! NG-ren kontzertu bat probatu ez duenak, ez daki zer zen hau.

Halaxe joan zitzaigun gaua, eta ia goizak gu atrapatu arte aritu ginen kantuan eta dantzan, hitza eta bizitza ospatzen. Azken bisean guk ‘Hator hator’ abestu genuen, baina Negukoek «etxerat, denak etxerat» bidali gintuzten. Inork ez zuen buka zedin nahi, baina atseden hartzeko ordua zen. Beraiek, merezitakoa; guk, beharrezkoa.

«Etorkizunaren parte izango den agur sakon eta artistikoa» izan zen hura, Pablo Cabezaren hitzetan. Eta orain hemen gaude, etorkizunean, gau hura gogoratzen, ia zirrarari ezin eutsiz.