1977/2024 , Martxoak 10

Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

GAUR8: euskararen zapatak

2007ko martxoaren 10ean, GAUR8k Palestinari begira jarri gintuen: «Palestinarren eskubideak onartzeko garaia» irakur zitekeen kaleratu zuen lehenengo zenbakian. Ordutik, gure euskarazko astekaria hazi, egonkortu eta hedatu egin da. Aktualitateko gaietan pausatzen den begirada sakona bihurtu da egun, kalitatearen sinonimoa. Amagoia Mujikari, GAUR8ko editoreari, atzera begirada egiteko eskatu diogu.

GAUR8ko lehen lantaldea, erredakzioan.
GAUR8ko lehen lantaldea, erredakzioan. (Jon URBE)

2007ko martxoaren 10a. GAUR8ko lehena airean. Zapata berriekin bezala, pozik baina minbera, zapata berria norbere ibileraren aginduetara makurrarazi behar baita. Erakusleiho bikoitza zeukala esaten genuen, papera eta digitala. Paperezkoak ginen gu, hatza mingainarekin busti eta egunkariaren orriak pasatzea plazer zen garaikoak. Eta leiho digitala nolakoa zen oso seguru ez genekien arren, gustatu edo ez, erresistentziak erantzi eta salto egiteko garaia zela ulertu genuen. GAUR8, mila leiho zabalik.

GARA egunkariaren euskarazko astekari berria zen GAUR8, euskaratik eta euskaraz leihotik begiratzeko ardura zeukan, gertatu zirenei eta gertatzear zirenei begirada patxadatsuak eta hausnarketa zorrotzak janztea zen egitekoa. Batzuetan asmatzen da eta beste batzuetan... blaitutako futbol botak lehortzeko, egunkari papera bezalakorik ez dago.

GAUR8ren lehen azala. (NAIZ)

Urteak eta zenbakiak joan dira, 900. alera gerturatzen ari gara. Euskararen zapatek okasio guztietarako balio dute. Izan daitezke mendiko botak, lokatzetan sartzeko aproposak. Takoi finekoak ere izan daitezke, photocall-etan ikusten diren horietakoak. Txankletak, fresko eta eroso. Moda-modako zola handiko zapatilak, nerabeak artalde bihurtzen dituzten horietakoak. Etxeko txapinak. Erizainak erabiltzen dituen txokoloak edo laborategiko langilearenak. Fabrikako langileak janzten dituen segurtasuneko zapata gogor horiek izan daitezke. Arrain-saltzailearen katiuskak, baserritarraren abarkak. Eskuz egindako zapatak, luzera desberdineko hankak parean jartzeko. Juanikoteek agintzen dituzten modukoak. Atletismoan erabiltzen diren iltzedunak...

Euskarak zapataz beteta dauka armairua; existitzen diren zapata mota guztiak dauzka. Horrekin konturatu gara GAUR8n, hemezortzi urteren joanean. Landu nahi genuen gaia edozein izanda ere, euskarazko zapatak zituztenak topatu ditugu uste baino askoz gehiagotan. Hain eroso, anitz, natural, ezen dagoeneko ez baikara konturatu ere egiten zapatekin. Pauso erosoz, leihotik begira jarraitu nahi dugu, euskaratik munduari so.

Honi buruzko guztia: 2007