1977/2024 , Martxoak 15

Unai Romanoren aurpegi itxuragabetua, torturaren aztarna

Unai Romanok 2002ko martxoaren 15ean, Guardia Zibilaren egoitzetatik igaro ondoren, bere argazkiarekin batera egindako agerraldia izan zen polizia-bulegoetan torturak egin izanaren salaketarik sendoena, epaile batzuen babesarekin.

Unai Romano, Guardia Zibilaren egoitzatik igaro ondoren egin zioten argazkiaren ondoan.
Unai Romano, Guardia Zibilaren egoitzatik igaro ondoren egin zioten argazkiaren ondoan. (Andoni Canellada | FOKU)

Atxilotu eta, Torturaren Aurkako Taldeko abokatu Iñigo Elkorok nabarmendu zuen bezala, «modu basatian torturatu» zutenetik sei hilabetera, 2002ko martxoaren 15ean, Unai Romano gasteiztarrak Guardia Zibilaren esku bizi izandakoaren berri eman zion iritzi publikoari.

Donostiako prentsaurrekoan izan ziren komunikabideek ezohiko irudi bat ikusi ahal izan zuten: aurpegi ezagutezin, puztu eta ubeldu bat erakusten zuen argazki handia. Han bildutakoentzat zaila izan zen otsailaren 27an baldintzapean aske utzi zuten Romano haren eta Soto del Realeko kartzelan sartzerakoan egin zioten irudiaren artean antzik hartzea. Gaitza egin zitzaien pertsona bera zela sinestea ere; ez zuketen sinetsiko, kokotsean nabari-nabaria zuen orinagatik ez balitz.

2001eko irailaren 6a eta 7a Guardia Zibilaren kasernan igaro ondoren, Romano aurpegia puztuta, begiak ubelduta eta lepokoa jarrita agertu zen Guillermo Ruiz Polanco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera, eta hark inkomunikatuta bidali zuen espetxera. Gasteiztarraren lekukotasunaren arabera, «modu basatian» jo zuten buruan, «poltsa» egin zioten eta elektrodoak jarri zizkioten genitaletan eta belarrietan.

«Epailearen aurrera eraman nindutenean, jertse batekin estali zidaten burua, inork ez ikusteko. Solairu osoa hustu zuten jendez. Torturena aipatu nion, baina handik gutxira eten egin ninduen, esanez urte asko zeramatzala Guardia Zibilarekin lanean, jende askok esaten zuela torturak jasaten zituela eta ez zidala sinesten. Gainera, hura ez zela salaketa egiteko tokia esan zidan eta epaitegira joateko salaketa jartzera. Ziegetara jaitsi ninduten berriz, abokatuak eta senideak ikusteko aukerarik ere eman gabe. Jertsea jarri zidaten berriro inork ni ikusteko modurik izan ez zezan, eta espetxera eraman ninduten», azaldu zuen komunikabideen aurrean.

Gerora epaitegietan jarri zuen salaketa 2006an artxibatu zen behin betiko. Gasteiztarraren kasuan, epaileak argudiatu zuen ez zuela kasernan emandako tratu txarren zantzurik antzeman eta, Guardia Zibilaren teoriari babesa emanez, atxiloketaren osteko zauri horien jatorria azaltzeko bi aukera posible jaso zituen: «bere buruari egindakoak» izatea edota ate batekin hartutako kolpearen ondorio.

Honi buruzko guztia: 2002