1977/2024 , Martxoak 22

Maite Ubiria eta Iñaki Altuna

Su-eten iraunkorrak 2005-2007ko prozesua ikusarazi zuen, eta GARAk zehazki azaldu zuen

2005etik 2007ra negoziazio prozesua izan zuten Espainiako Gobernuak eta ETAk. Prozesu horren une esanguratsuenetako bat 2006ko martxoaren 22an gertatu zen, ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuenean. GARAk xehetasunez informatu zuen hartaz guztiaz, eta prozesu amaieran gako denak eskaini zituen 64 orrialdeko argitalpen berezi batean. [DESKARGATU HEMEN]

2005-2007 negoziazio prozesuaren argitalpen bereziaren azala.
2005-2007 negoziazio prozesuaren argitalpen bereziaren azala. (GARA)

2005ean egin zen Espainiako Gobernuaren eta ETAren ordezkaritzen arteko lehen zuzeneko bilera, Jesus Egigurenen eta Josu Urrutikoetxearen arteko bilera. 2007an amaitu zen konponbiderako aukera hura, maiatzean Suitzan egindako azken saio batek porrot egin ostean. Lehenagotik landutako konpromisoekin ongarrituta izanik ere, prozesua ez zen onera iritsi. Alta, irakaspenak utzi zituen.

Prozesu haren baitan, bi elkarrizketa eremu irudikatu ziren: ETAren eta Gobernuaren artekoaz gain, alderdien artekoa zen bestea. Horrenbestez, Loiolako elkarrizketak ere egin ziren, Batasunaren, PSEren eta EAJren artean. Akordiorako oinarria jarri arren, azkenean ez zen bertan landutakoa berretsi.

Gobernuaren eta ETAren artean arazo franko izan ziren hasiera-hasieratik, aldebikoa behar zuen distentsioa mantentzeko adostutako bermeak ez zirelako betetzen (atxiloketek, presoen kontrako espetxe politikek eta epaitegien esku-hartzeek ez zuten etenik) eta PP konprometituko lukeen Estatu itunik ez zelako lortu. ETAk ere su-etena bortizki urratu zuen 2006ko abenduaren 31n,  Barajasko T4 terminala auto-bonbaz birrindu zuenean.

ETAren bi adierazpenak

ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuen, adierazpen labur baten bidez, 2006ko martxoaren 22an.

Euskal jendarteak beso zabalik hartu zuen erakunde armatuak «Euskal Herrian prozesu demokratikoa bultzatzeko» helburuarekin lotu zuen erabakia.

Eguerdian hartu zuen hitza ETAk, zenbait hedabideri bidalitako bideoaren bidez. Aurreko hilabeteetan oso bestelako eremuetatik iristen ziren seinaleek aditzera ematen bazuten ere urrats esanguratsu hori iristear egon zitekeela, eguna heldu zenean, euskal jendarteak itxaropenez beterik ospatu zuen iragarpena.

ETAko hiru kidek kamera baten aurrean plazaratu zuten adierazpenak oihartzun handia izan zuen. Biharamunean, martxoaren 23 eta 24 arteko gauean indarrean sartuko zen su-etena aldarrikatzeko arrazoietan sakondu zuen ETAk. Izan ere, GARAk erakunde armatuaren bigarren adierazpen bat argitaratu zuen, xehetasun gehiago eskaintzen zuen adierazpena, hain zuzen.

GARArentzat egun berezia izan zen 22koa. Ezohikotzat hartu eta ahalegin berezia egin zuen. Dena prest zuen eta, eguerdian ETAren bideoa zabaldu ostean, martxan jarri zen arratsalde horretan bertan 16 orrialdeko edizio berezi bat Euskal Herrian barna zabaltzeko. Horretarako, kioskoez gaien, egun horretan jokatzen ziren Ligako partidak ere aprobetxatu zituen. Derbia zegoen Osasunaren eta Realaren artean Sadarren, eta San Mamesen eta Mendizorrotzan ere bertako taldeek jokatzen zuten.

GARAk edizio berezia atera zuen su-etanaren egunean bertan. Iragarpena izan eta bi ordutara.

ETAren adierazpenaren harira, Europako Batasuneko txandakako presidenteak, Wolfgang Schuesselek, «gatazka luze bati konponbidea bilatzeko» sostengua helarazi zion Jose Luis Rodriguez Zapatero espainiar presidenteari.

Bruselak emandako erantzun azkarrak aditzera eman zuenez, berdin gertuko eremuan zein nazioarteko zelaian aspaldian abiaturiko lan sakonaren ondorioz heldu zen su-etena.
Alta, iragarpenak ekarri zuen «giro lasaia» ez zen nahikoa berme izan elkarrizketa eremu bikoitzaren eskemaren arabera aurreraturiko akordioak gauzatzeko bide-orria fintzeko ordua heldu zenean.

Neurri batean, tresna zinez garrantzitsua zen su-etena, helburu bakar bilakatu zelako. Negoziaketa prozesuak tempus-a galdu zuen eta, finean, haustura heldu zen. Su-etena agortu eta berehala ondoko etxean errudunak bilatzeko ohiko ehiza abiatu zen.

Giro nahasi horretatik aldenduz, eta neurri batean etsipen sentimenduari iskin egin nahian, konponbidea inoiz baino gertuago irudikatu zuen; prozesua elikatzeko hartu ziren konpromisoak itzaletik argitara ekartzearekin batera, bi urte luzeko ibilbidea egin zuen konponbiderako aukerak, onerako zein txarrerako, eta utzi zituen ikasgaiak aztertzeko lana hartu zuen GARAk.

Argitalpen berezia

Etorkizuneko Artefaktuak irakurlearen eskura jartzen du 2007ko irailean egunkariarekin batera plazaratu zen 64 orrialdeko argitalpen berezia.

Bertan, besteak beste, ETAk eta Gobernuak sinatutako lehen akordioa jasotzen da, 2005eko uztailean adostutakoa eta urte bereko azaroan berretsitakoa.

Testigantza eta analisiak ere jasotzen ditu argitalpen bereziak. Bat nabarmentzeagatik, 2019ko uztailean utzi gintuen Mariano Ferrer kazetariaren –'Egin'-eko lehen zuzendaria izan zena– elkarrizketa dugu. Rodriguez Zapateroren jokabidea ulertzeko gakoren bat ere eman zuen Ferrerrek: «Hasiera batean, uste dut PPren oposizioa Zapaterok espero ez zuen galga bat izan zela. Baina gero, gauzak aldatzen joan ziren heinean, ikusi zuen PPren jarrera horrek aitzakia ez ezik koltxoi bat ere eskaintzen ziola negoziazioarekin hasi zuena bezain arriskutsuak ez ziren planteamenduetara itzultzeko. Uste dut PPren aurrez aurreko aurkakotasunik gabe Zapatero handinahiagoa izango zela bakegintzaren agertokia aztertzerakoan».

Honi buruzko guztia: 2006