1977/2024 , Apirilak 6

Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / jefa de redacción de contenidos
Elkarrizketa
Julio Villanueva
Solidari@s con Itoitz

«Duela 20-40 urte ohartarazten genuen egoerara iritsi gara; krisi ekosozial honetan borroka egitea beharrezkoa da»

«Itoitz, parado». Letra larriz eta gauez gauzatutako ekintza ikusgarri baten irudiarekin lagunduta ikus zitekeen 'Egin' egunkariaren azala apirilaren 7an. Urtegiaren obren «bihotzean» kokatuta zeuden kableak moztu zituzten aktibista haietako bat da Julio Villanueva, eta gaur balitz bezala gogoratzen du egun hartan gertatutakoa.

Julio Villanueva (eskuinean).
Julio Villanueva (eskuinean). (Iñigo URIZ | FOKU)

Ingurugiroaren eta ekologismoaren aldeko borrokan mugarri garrantzitsua izan zen Itoizko urtegiaren obretan 1996ko apirilaren 6an gertatutakoa. Zortzi ekintzailek porlana garraiatzen zuen mekanismoaren kableak moztu zituzten, hilabete luzez obrak geldiaraziz. Orduko bizipenak eta hark utzitako irakaspenek balio dute gaur egun ere.

Zer datorkizu burura 1996ko apirilaren 6a aipatzean?

Oraindik zirrara eta emozioa sortzen zaizkit. Ekintza hark oso ondorio nabarmenak izan zituen. Lehenik eta behin, obrak gelditzea; ia urtebeteko lanen atzerapena lortu genuen, eta hori garrantzitsua izan zen. Inportantea izan zen baita ere oxigenoa izan zelako. Borroka hark bere mugak zituen; alde batetik, Auzitegi Nazionalak egindako epaiak nolabait gaindiezina zirudien. Dirutza eskatzen zuten obra horiek gelditzeko, eta ikusten zen ez zegoela modurik. Guk gelditu egin genuen, eta itxaropenerako tartea eskaintzea izan zen.

Ondorio penalak ere izan zituen.

Hori da. Beti gauza politak aipatzen ditugu eta ez da ahaztu behar ze ondorio juridiko eta errepresibo izan zituen. Epaiketa egon zen eta, azkenean, kartzela zigorra. Kartzela zigor horrekin ez zen bukatu. Zortzi parte-hartzaileetatik hiru pasa ginen espetxetik, baina gaur egun oraindik ondorio horiek pairatzen ditugu. Alegia, taldekide batek oraindik bere soldataren ehuneko garrantzitsu bat ordaintzen du, eta badirudi bizi osorako izango dela. Horrek suposatu zuen gu, nolabait, jarri ziguten zigor ekonomikoa saihestearren, lan merkatu erregularretik aldendu behar izatea. Guk kalte ekonomiko batzuk sortu genituen. Hamahiru milioi euro inguruko diru galera suposatu zuen hark. Ezpata hori gure gainean daukagu bizitza osorako.

Nola prestatu zenuten?

Hilabete batzuk lehenago hasi ginen prestatzen. Guk ekintzak egiten genituen sortu ginenetik, urtebete lehenagotik. Gure helburua zen ekintza zuzen ez bortitz eta publikoen bidez obrak gelditzea. Batzuetan minutu batzuez gelditzen genituen lanak, beste batzuetan ordu batzuez edo egun batzuez... Bi ekintza egin genituen aurretik. Presa handi bat egiten ari ziren, ia kilometro bateko luzera eta 120 metroko altuera zituena. Hori blondin sistema baten bidez egiten zuten, hormigoia airetik garraiatuz, alegia. Horretarako kable batzuk erabiltzen zituzten, bagonetak garraiatzeko. Bagoneta bakoitzak kamioi baten kargamentua zeraman. Guk aurretik pare bat ekintza egin genituen kable horietara igota. Konturatu ginen kable horietara igota gelditzen genituela presaren lanak. Presa zen une horretan lanaren bihotza. Orduan erabaki genuen hirugarren ekintzan ez ginela kable horietara berriro igoko eta ditxosozko kable horiek moztuko genituela.

Pentsatu eta lanean hasi ginen. Lehen kezka zen zauriturik ez izatea. Sekulako pisua zeramaten kable horiek eta, baten bat azpian egonez gero, edozer gerta zitekeen. Oso tentuz ibili ginen. Ordurako euren komunikazioak kontrolatuta genituen eta konturatu ginen urte hartako Aste Santuan lanak erabat etengo zirela eta, beraz, langilerik ez zela izango kable horien azpian. Bi hilabeteko prestakuntza lana izan zen, probak egin genituen rotaflexarekin, bideen kontrola izatea ere oso inportantea izan zen... Mendi pistak ziren eta ongi kontrolatu behar genituen sarrerak eta irteerak.

Gero, ekintza publikoa zenez, garrantzitsua zen guretzat konfiantzazko hedabideekin hitz egitea. Prentsakide horiek tokietara eraman behar genituen, eta hori ere ongi prestatu behar zen. Bazuen konplexutasun bat ekintza hark, baina esan dezakegu asmatu genuela eta nahiko ongi eta garbi atera zela dena.

 

«Presa zen une horretan lanaren bihotza. Orduan erabaki genuen hirugarren ekintzan ez ginela kable horietara berriro igoko eta ditxosozko kable horiek moztuko genituela»


Ondorio nabarmenak izan zituen. Ondo aipatu duzun bezala, lanak gelditzea eta hauen atzerapena ekarri zuen. Garai horretan Itoitz Estatu auzia zela esaten zen.

Guk berresten dugu garai horretan esaten genuena: Estatu afera bihurtu zen. Bistan da zilegitasun demokratiko hori ere auzitan jarri genuela. Estatua pareta eta ezpataren kontra kokatu zuten ekintza haiek. Auzitegi Nazionalak emandako autoa oso eztabaidaezina zen, obra horiek ilegalak eta ezdeusak zirela zioen. Baina oposizioari ezartzen zitzaion baldintza gaindiezina zen; alegia, 36.000 milioi pezeta ordaindu behar zirela. Hor benetan ikusten zen Estatuaren zilegitasun demokratiko eza. Gure jardunbideak obrak kinka larrian jarri zituen, eta Estatuak erabaki zuen aurrera egitea. Horrek suposatzen zuen Nafarroako legedia ere bihurritzea. Jukutria bat egin zuten. Aldatu egin behar izan zuten naturaguneen babes banden afera hori, non babes banda batzuk indargabetzen diren. Naturaguneei dagokien ordenamendu juridiko guztia aldatu behar izan zuten bere proiektua ondo kokatzeko. Bistan da Estatuak bere maskara demokratikoa kendu behar izan zuela obrekin aurrera jarraitzeko. Ez zeuden prest oposizioak irabaz zezan, eta hori inportantea da azpimarratzea.

Gero, beste irakurketa bat ere badago. Estatuak sekulako indarra du. Nahi duenean amore ematen du gauza txikietan, baina hori afera oso handia zen Estatu mailan. Oso gauza entzuna zen eta erabaki zuen kosta ahala kosta irabazi egin behar zuela. Eta irabazi zuen, baina guk ez dugu galeratzat hartzen. Hain zuzen ere, pentsatzen dugulako urrats garrantzitsua egin genuela desobedientziaren munduan. Haziak erein genituen nolabait. Talde ekologista batzuek garai horretan irakurketa bat egin zuten, azpimarratuz Itoitzen egindako lana erabakigarria izan zela beste hainbat proiektu geldiarazteko.

Desobedientzia zibilaren ikuspegitik ekintza garrantzitsua izan zen. Mugarria izan zela uste al duzu?

Garai horretan indarrean zegoen Plan Hidrológico Nacional deritzona, horren barnean 120 proiektu biltzen ziren, Itoitz bezalakoak. Hori guztia PSOE gobernuan zegoela izan zen. Handik gutxira, PP pasatu zen gobernura eta proiektu horiek guztiak erretiratu zituen. Beraiek egiten duten irakurketa triunfalistegia da nire ustez. Esaten dute beraientzat oso garai gogor eta gatazkatsua izan zela. «El infierno de Itoitz», esaten zuten. Esaten zuten horrelakorik ez zutela berriro errepikatu nahi. Proiektu horiek atzera botatzen dituzte, eta egia da horietatik Esako urtegia bakarrik geratzen dela.

 

«Afera oso handia zen Estatu mailan, eta erabaki zuen kosta ahala kosta irabazi egin behar zuela. Eta irabazi zuen, baina guk ez dugu galeratzat hartzen, pentsatzen dugulako urrats garrantzitsua egin genuela desobedientziaren munduan»


Azken urteetan ekimen ugari egin dira: Artozkin berreskuratutako artelanen edota desagertutako herrien inguruko erakusketak, adibidez. Memoriaren garrantzia erakusten du honek, batez ere belaunaldi berriei begira.

Garai hartako borroka gaurkotasunera ekarri behar dugu. Zabalduta dago borrokak ezertarako balio ez duen mezu hori, eta hori indargabetu behar dugu. Mezu etsigarria da eta, gainera, gezurra. Orain urte batzuk Nafarroan egin genuen lurraren aldeko borroken zerrendatze bat, Franko hil zenetik gaur egun arte izandakoena, eta konturatu ginen irabazi diren borroka pila bat daudela. Hori askotan ahaztu egiten da. Izan diren borroken heren bat irabazi egin dugu, heren bat galdu eta beste heren batek aurrera jarraitzen du. Mezu hori balioan jarri behar dugu, borroka molde ezberdinetan. Borrokatzerik ez badugu, hasieratik galduta gaude; itxaropenerako deia egingo nuke. Duela 20-40 urte ohartarazten genuen egoerara iritsi gara. Orduan hasten ginen aipatzen aldaketa klimatikoa, erregai fosilen agortzea... Gaur egun dugun krisi ekosozial honetan borroka egitea beharrezkoa da, gaur egungo sistemari aurre egiten ez badiogu, gure bizitzaren iraupena jokoan dagoelako. Aktibatu egin behar gara.

Honi buruzko guztia: 1996