1977/2024 , Apirilak 8

Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

'Armagabetzea, euskal bidea', bidearen bihurguneak jasotzen dituen errelato zorrotza

2018ko otsailean Luhuson aurkeztu zen 'Armagabetzea, euskal bidea' liburua, GARAk, Mediabaskek eta Txalapartak elkarrekin jositako lana. Hain justu, aurkezpena 2016ko abenduaren 16an bakearen artisauak atxilotu zituzten baserri berean egin zen. Armagabetzea 2017ko apirilaren 8an izan zen. Gaur zazpi urte beteko dira.

Liburuaren aurkezpena Luhusoko baserrian.
Liburuaren aurkezpena Luhusoko baserrian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Jostorratz zorrotzez findutako lana da; 2011ko urrian ETAk borroka armatuaren zikloari amaiera emateko erabakia hartu zuenetik 2017ko apirilean azken armategiak gizarte zibilari entregatzeko prozesua amaitu arteko tartea jasotzen du, eta bidearen bihurgune, geldiune eta aldapa gorak kontatzen ditu, artean kontatu gabeko datuak eta dokumentazioa barne. 

Iñaki Egaña izan zen liburuaren egilea, baina lana talde-lanaren emaitza izan zen. NAIZeko zuzendari Iñaki Altunak, Arantxa Manterola, Ramon Sola eta Iñaki Iriondo kazetariek, Goizeder Taberna Mediabaskeko kazetariak eta Parisko 'Mediapart' hedabideko Antton Rougetek parte hartu zuten bertan.

Liburukoa kontakizun osoa eta argigarria da, xehetasun xumeak eta garrantzi bizikoak jasotzen ditu, prozesu baten ñabardura guztiak harrapatzeko asmoz. Askotariko datuak biltzen ditu, isilpekoak batzuk, dokumentazio eta ikerketaren bueltakoak beste batzuk, eta zuzeneko testigantzetan bilduak beste asko.

'Armagabetzea, euskal bidea' hiru hizkuntzatan eman zen, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Datu garrantzitsua da, Euskal Herri osoaren taupada baldintzatu zuen gertakari historikoak euskal herritar denengana iristeko modua egin behar baitu.

Armagabetzean parte hartu zuten eragile guztien makina-gelara iristeko aukera ematen du kontakizunak; eragile politiko eta sozialak, artisauak, nazioarteko eragileak, ordezkari instituzionalak eta armagabetutako erakundea. Ahots askoko kontaketa korala da. Argitaratu gabeko dokumentuek eta argazki materialek osatzen dute errelatoa. Liburuaren aurkezpenean nabarmendu zenez, «euskal gatazkari aurre egiteko modua aldatu zuen eta, zalantzarik gabe, munduko hainbat tokitan gatazka politiko armatuetarako konponbideak bilatzeko lanean ari diren pertsona guztientzako erreferentzia izango den prozesuari buruzko kontakizun osoena da; euskal bideari buruzkoa, alegia».

Lerro hauen alboan, liburuko kapitulu bat, gustu duenarentzat.

Honi buruzko guztia: 2018