1977/2024 , Apirilak 17

Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Letren iraultzaile Gabriel Garcia Marquez zendu da

Gabriel Garcia Marquez (Aracataca, Kolonbia, 1927ko martxoaren 6a–Mexiko Hiria, 2014ko apirilaren 17a) letren iraultzailea izan zen, bai eta ideiena ere. Duela hamarkada bat utzi gintuen idazle kolonbiarrak, 87 urte zituela, pneumonia baten ondorioz ospitaleratua izan eta gaixotasunari aurre egin ezinda.

Gabriel Garcia Marquez 2002. urtean.
Gabriel Garcia Marquez 2002. urtean. (José Lara | Wikipedia)

'Cien años de soledad' liburuak eragin zuen harrabotsaren pareko arrastoa utzi zuen Gabriel Garcia Marquezek, zentzurik zabal eta onenean. 'Gabo' letren iraultzailea izan zen, baita ideiena ere, gertukoenek adierazi legez. Fidel Castro presidente kubatarrarekin egin zuen harreman estua 'Gabo'-ren nortasunaren adierazle da.

Duela 10 urte zendu zen idazle kolonbiarra, legatu izugarria utzita; 1982ko Nobel Sariaz gain, literatura latinoamerikarreko erreferente bilakatu zen, Julio Cortazar, Carlos Fuentes eta Jose Donosoren pare, eta Eduardo Galeano uruguaitarrarekin partekatu zuen belaunaldia –hau, hain justu, sasoi berean urtebete beranduago hil zen, 2015eko apirilaren 13an–.

Kolonbiarraren idazkerak sekulako eragina izan zuen nazioartean, eta bere jarrera umilak eta ideia ezkertiarrek askoren bihotzak ere harrapatu zituzten.

Hala, GARAk, apirilaren 18ko eta 19ko egunkariko azaletan, argazki nagusia eskaini zion Garcia Marquezen heriotzari, «letren iraultzaile nagusia» izan zela nabarmenduz. Ideia bera hartu zuen oinarri heriotza-oharrean ere, literaturan hainbatetan erabili izan zuen «errealismo magikoa» testuaren hari bilakatuz.

Iñigo Urkullu Lakuako Gobernuko lehendakaria bere lehendabiziko legegintzaldia betetzen ari zen orduan, eta Abiadura Handiko Trenaren afera pil-pilean zegoen. Edizio horretako editoriala ere AHT-aren «burugogorkeria garestian» oinarritu zen.

AHT-aren errealitatea oraindik gauzatzeko ginen hartan, Gabriel Garcia Marquezen «errealismo magikoak» hartu zuen azalaren protagonismoa. «Errealismorik magikoena ere deskribatzeko gai izango ez litzatekeen mundu mailako errekonozimendu baten erdian, atzo hil zen Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarra, 87 urte zituela. Iraultzailea izan zen batez ere, letretan lehena, baina baita ideietan ere», deskribatu zuen GARAk, duela hamar urte, 'Gabo'-ren figura.

Garai hartan, NAIZ ere gorpuzten hasia zen, kasik bi urte egin baitzituen, eta bertan ohartarazi zen ahul zebilela, deshidratazio-koadro baten eta biriketako eta gernu-bideetako prozesu infekzioso baten ondorioz ospitaleratua izan ostean. Jada Mexikoko bere etxean zegoela, adinaren ondorioz «zailtasun batzuk agertu» zitezkeela azaldu zuen familiak apirilaren 15ean, eta bi egun beranduago zendu zen, bere sendiak inguraturik, bere etxean, hilabete eskas bat lehenago, kazetarien aurrean, urteroko agurra eginda, azkena izango zela jakin gabe.

2014an Kolonbiako presidente zen Juan Manuel Santosek «inoizko kolonbiarrik handiena» bezala definitu zuen 'Gabo', eta bere heriotzaren karira, zenbait lider politiko eta idazle ilustratuk eskaini zioten agur mezuren bat, Obamatik Pepe Mujikaraino; Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailetik (FARC) Simon Peres Israelgo presidenteraino.

'La hojarasca' (1955), 'El coronel no tiene quien le escriba' (1961), 'Cien años de soledad' (1967), 'Crónica de una muerte anunciada' (1981), 'El amor en los tiempos del cólera' (1985), 'El general en su laberinto' (1989) edo 'Memoria de mis putas tristes' (2004) dira bere idazluma oparoak utzitako nobela ezagunetako batzuk, kazetaritza ikasketetan ere eredu gisara aztertuak izan direnak. Izan ere, egunkarietan utzi zituen 'Gabo'-k bere idazlumaren lehendabiziko oinazeak.

Eta kazetaritzatik datorkio Euskal Herriarekiko loturetako bat, ez baita bakarra, bere lehen biografian Tachia eibartarrarekin izandako amodio istorioa jasotzen baita. Kontuak kontu, Euskal Herriarekin lehendabiziko kontaktua 1955ean izan zuen, 22 urte besterik ez zituela, 'El Espectador' egunkariko kazetari zela. «En Hiroshima, a un millón de grados» izan zen kronikaren izenburua, eta protagonista, Arrupe apaiza

Hiroshiman bonba nuklearra jaurti zutenean, bertan zen meza ematen Arrupe apaiza, 1907an Bilbon jaioa, eta Hiroshiman bizi izan zuen tragedia nuklearra Garcia Marquezi kontatu zion, xehetasun guztiekin, Bogotara eginiko bisita batean. Bilbotarraren bizipenak eta kolonbiarraren deskribatzeko gaitasunak, bai eta enpatiak ere, kronika gogoangarria utzi zuen, Nobel Sariduna izango zenaren hastapenetan.

Honi buruzko guztia: 2014