1977/2024 , Maiatzak 10

Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Urko Aiartza
Abokatua, Amaiurreko senatari ohia

«Mandela ordezkaezina da, baina bera ezin da ulertu ANCaren tradizioa kontuan izan gabe»

2013. urtean Nelson Mandela hil zenean, haren hil-kaperan sortutako ohorezko guardian, nazioarteko beste zenbait buruzagi eta ordezkarirekin batera Urko Aiartza egon zen, Hegoafrikako ANCk eta ezker abertzaleak beti izan duten harreman adeitsuaren lekuko. Berarekin mintzatu gara Madibaz eta haren herriaz.

Urko Aiartza
Urko Aiartza (Jon URBE | FOKU)

Maiatzaren 10 da gaur. Duela 30 urte Nelson Mandela Hegoafrikako presidente izendatu zuten. Maliba gogoratzeko Artefaktuak Urko Aiartzarekin hitz egin du. Mandela hil zenean, haren hil-kaperan izandako ohorezko guardian egon zen Aiartza.

Nelson Mandelaren hil-kaperan egon zinen, haren ohorezko guardian, gainera. Pertsonaia historikoa izan zen bera, ze oroitzapen duzu egun horietaz?

Nik urte batzuk neramatzan Hegoafrikara joaten, eta bidaia horietako batean, Rustemburgen, Alderdi Komunistaren kongresu batean bera agurtzeko aukera izan nuen. Gero, Stellenboschen ere bai. Bere heriotza gertatu zenean, ni Senatuan nengoen. Bertako ANCko lagun batzuek bertaratzeko esan ziguten, eta hara joan ginen. Sekulako ekitaldia izan zen. Lehenengo egunean estadioan izan nintzen, ANCko lagunekin. Nahiko kaotikoa zen guztia, Obama han inguruan zebilen, beste jende ezagun asko ere bai... Ekitaldia bukatu zenean, Mandelaren bizkartzainak izandako batzuekin etxe batean egon ginen, haren bizitzaren pasarteak gogoratzen.

Hurrengo egunean Gerry Adams eta Richard McAuleyrekin (Sinn Feineko ordezkariak) bildu nintzen eta Pretoriako eraikin batean zegoen kaperara joan ginen, agurra ematera, eta Mandelaren etxetik ere pasatu ginen. Dena nahiko protokolarioa zen. Geroxeago, Qunurako –Mandelaren jatorria hura zen– hegazkina zegoen aireportura eraman gintuzten. Han egon ginen Gerry eta Richard McAuleyrekin eta Robert McBride ANCko buruzagiarekin. Berak aurkeztu zigun Toivo ya Toivo, SWAPOko burua izandakoa (Namibiako mugimendu eta alderdi independentista). Kurdistango ordezkari batzuk ere han zeuden, enbaxadore sahararra... Bertan geundela, Zuma presidentea hitz egiten aritu zen, eta denbora guztian ohorezko guardia bat zegoen Mandelaren gorpua zaintzen; halako batean, ANCko kideek ohorezko guardia horretan jartzeko eskatu ziguten. Eta hor egon ginen guardia egiten Toivo ya Toivo, McBride, Gerry Adams, beste baten bat eta ni neu. Bukatutakoan, ea Qunura joan nahi genuen galdetu ziguten, eta joan ginen, hegazkinez eta autobusez. Elizkizunetan egon ginen, bertan Zambiako presidentea izandakoa ezagutu genuen, Desmond Tuturekin ere egon ginen, eta handik, hilerrira. Une horretan oso talde txikia ginen; Gerryk aurre-aurrean zuen Ingalaterrako printzea, nik ondoan NATOko burua...

Aipatu duzun bezala, jende mordoa joan zen Mandelari agur esatera, baina nazioartetik oso eragile gutxik parte hartu zuten ohorezko guardia horretan. Zu hor egotea ANCren eta euskal independentismoaren arteko harreman estuaren seinale zen.

Bai... Hor bazegoen jende bat euskal mugimendua ondo ezagutzen zuena, lagun onak ditugu, irlandarrak ere ezagutzen zituzten, eta bai, hor badago konplizitate bat eta horregatik egon ginen bertan.

Hegoafrikan atsekabe handiz hartu zuten Mandelaren heriotza; siglez eta ideiez harago, oso maitatua zen, ez?

Espetxean sartu zutenean ikono bat bihurtu zen, baina zurientzat garai horietan terrorista bat zen, eta kanpoan ere, nazioarteko komunitatearen parte batentzat, terrorista bat zen; AEBen terroristen zerrendan zegoen, Britainia Handiko zerrendan. Gero, bai, jende guztiak esaten du maite zuela.

Kontua da berak oso trantsizio konplikatua bideratzeko eta dena pikutara ez joateko gaitasuna izan zuela. Badago momentu bat bere gaitasuna agerian geratu zena; Chris Hani (Hegoafrikako Alderdi Komunistaren idazkari nagusia 1991-1993 bitartean, eta Afrikako Kongresu Nazionalaren adar militarraren –Umkhonto we Sizwe– buruzagia 1987-1991 bitartean) hil zutenean (1993ko apirilaren 10ean), ANC eta Alderdi Komunistaren koadroek erantzun egin behar zela esan zuten; berak, ordea, esan zuen hura ez zela erantzuteko momentua, eta egoera baretzea lortu zuen. Bera oso ona izan zen trantsizio hori guztia egiten, oso ona aurkariarengana heltzen eta aurkariarekin harremanak eraikitzen.

Mandelak oso ondo ezagutzen zuen afrikanerraren historia, ondo bereizten zuen ingelesena eta afrikanerrena, bazekien ze mentalitate zeukaten, pixka bat defentsibara jartzearen mentalitate hori. Berak harremana izan zuen oso eskuindarrak ziren afrikanerrekin, beraiek aurka jartzea ekiditeko. Berak gaitasun hura zeukan. Gero, bazeuden beste batzuk hain publikoak ez direnak baina estrategikoki ondo ulertu zutenak zer zen negoziagarria eta zer ez. Joe Slovo Hegoafrikako Alderdi Komunistako idazkari nagusia izan zenak, adibidez, oso argi zuen une horretan zer zen negoziagarria eta zer ez. Zeren egia da baita ere prozesu hura oso testuinguru berezian gertatu zela, ez dela ANCk irabazi zuela bakarrik, testuinguru mundiala aldatu zela eta aukera leiho bat ireki zela baizik.

Hain zuzen, zatituta zegoen herrialdea batzea izan zen ariketarik zailena, baina baita lorpenik handiena ere.

Bai. Nik uste dut hor bera oso eskuzabala izan zela, eta ulertu zuela trantsizio horrek denen beharra zeukala, hori gabe ezin izango zela trantsizio hura egin. Zeren komunitate zuriari arrisku existentzial bat piztu izan balitzaio, honek erantzun egingo zukeen. Denen parte hartzea eta adostasuna beharrezkoa zela uste zuen, nahiz eta ondorio batzuk izango zituen. Eta eduki zituen; egiaren batzordean gauza asko zintzilik geratu ziren. Pentsatu zuen hori ordaindu beharreko koste bat zela, Hegoafrika kolapso batean eta barne gerra zibil batean eror ez zedin.

Bestetik, Gobernu zuriak planteatzen zuen, eta pentsatzen zuen lortzeko gai izango zela, trantsizio hura ireki ondoren ere botere maila handi bat mantentzea. Beraiek boterea mantendu nahi zuten, eta hori izan zen tirabira nagusiena. Baina Mandela gai izan zen horri buelta emateko eta denak barnean bilduko zituen prozesu bat zabaltzeko. Bazekien berak ere amore eman behar zuela, trantsizio horrek bi aldeak behar zituela.  

 

«Bera oso eskuzabala izan zen, eta ulertu zuen trantsizio horrek denen beharra zeukala. Zeren komunitate zuriari arrisku existentzial bat piztu izan balitzaio, erantzun egingo zukeen. Denen adostasuna beharrezkoa zela uste zuen, nahiz eta horrek ondorio batzuk izango zituen»



Hori horrela izanda, Mandelak ez zion uko egin bere ibilbideari eta bere borrokari.

Mandela espetxean zegoenean eta prozesu hau hasi nahi izan zuenean, Gobernuak borroka armatuari uko egitearen truke bere irteera planteatu zion, eta badago mezu famatu bat bere alabak Sowetoko estadioan irakurri zuena, esanez borroka armatuari ezin ziola uko egin, herri horrek ezin ziola borroka armatuari uko egin, eskubide demokratikoak edo askatasunak eskuratzeko aukerarik ez zegoen bitartean.

Bera, alde horretatik, oso argia izan zen, ez zion uko egin historian zehar ANCk egin zuenari. Eta badirudi ANCk ez zuela plater bat ere hautsi, baina ANCren garaian ekintza armatu oso tragikoak egon ziren, eragin zutenak, adibidez, inolako parte hartzerik izan ez zuten gizabanakoen hiltzea. Egon ziren beraien militante batzuekiko portaera eta jarrera oso bortitzak ere, eta gero, beltzen arteko guda deitu zen horretan, zerbitzu sekretuek sustatu zuten gerra zikinean, batez ere, Inkatak egin zuena; astakeria pila egin ziren.   

Gero, mundu guztia igo zen haren barkura, eta Mandelaren zale egin zen. Ez dakit ez ote den nolabait desitxuratu bere figura eta bere borroka.

Herrialde askotan ANC terroristatzat kontsideratua zegoen. Garai horretan hiru sektore nagusi zeuden ANC babesten zutenak: batetik, Sobietar Batasuna eta Ekialdeko Alemania; bestetik, askapenerako mugimenduko beste herriak, Namibia, Zimbabwe, Angola..., eta bazegoen nazioarte elkartasun mugimendu bat ere, esparru sindikaletatik, ezkerreko taldeetatik eta mugimendu liberal-ezkertiarretik zetorrena. Baina ez gehiago. Gero, ematen zuen jende guztiak babestu zuela.

Hain zuzen, haren heriotzan Obama bera izan zen Hegoafrikan, eta deigarria da hori Nelson Mandela terroristen zerrendatik hil baino bost urte lehenago bakarrik atera zutelako, dagoeneko erretiratuta zegoenean, oso oso berandu. Paradoxikoa...

Bai, bai. Gero bere figurak hori dena gainditu du, baina hori hor dago. Gogoan daukat Murillo (Angela) epaileak esan zuela Mandela pazifista bat izan zela, Mandelak bere herrian borroka armatua hasi zuelarik. Bera Aljerian eta Etiopian entrenatu zen Hegoafrikara joan baino lehenago. Eta berak babestu zuen, inolako zalantzarik gabe, Palestinako Askapen Mugimendua, babestu zuen irlandar mugimendua... Bai, bera izan zenaz desbirtualizazio handi bat egin da.

Bere itzala oso handia zen, haren heriotzak umezurtz utzi al zuen Hegoafrika? Estaltzen zaila izan den zulo bat utzi al zuen?

Nik uste dut Mandelaren figura ordezkaezina dela, baina egia da Mandela ezin dela ulertu, eta hori egitea akats bat izango litzateke, ANCren tradizio guztia kontuan hartu gabe. Mandela ANCren tradizioaren produktu bat da, eta ANCren tradizioak hartzen ditu bere gain Hegoafrikan zapalduak ziren guztiak: beltzak, indiarrak... Barneratu zuen baita ere zuriak askapen borrokaren parte izan behar zirela. Alderdi Komunistaren aldetik influentzia handia izan zuen, eta baita liberalen aldetik ere, eta Mandela horren guztiaren produktua da, ez da zerotik agertzen den zerbait.

Mandelak edaten du Albert Lutulitik, edaten du Govan Mbekitik, edaten du historia horretatik. Baina egia da gero oso ikonikoa bihurtu zela eta bere heriotza, ez dut esango herrialdea umezurtz utzi zuenik, baina trantsizio demokratikoaren fase aurreratu batean suertatu zen. Eta testuinguru zail batean. Ezin dugu ahaztu Hegoafrikako prozesua oso testuinguru berezian gertatu izana ere, Gerra Hotzaren amaieraren ondoren, olatu neoliberal baten garaian, oso testuinguru konplikatuan. Eta ANCk oso egoera zaila kudeatu behar izan du, eta jarraitzen du kudeatzen. ANCri eskatzen zaio hogeita hamar urteren bueltan 300-400 urteko kolonialismoari buelta ematea.

 

«Ulertu behar duguna da ANCk ez zuela irabazi, ez zituela bere azken helburuak lortu, lortu zuena espazio demokratiko bat irekitzea izan zen. Baina oraindik askapen nazional demokratiko batean daude»

 

Gero egia da arazo handiak egon direla, eta horietako bat da «state capture» esan zaiona, ustelkeria ANCren sektore batetan sartu zela, eta horrek min handia egin zuela. Baina hor ere alde batera bakarrik begiratzen da, eta badago botere ekonomiko bat ustelkeria hori sustatzen zuena. Eta horretaz ez da inoiz hitz egiten.

Bestetik, ulertu behar duguna da, lehenik, ANCk ez zuela irabazi, ez zituela bere azken helburuak lortu; lortu zuena espazio demokratiko bat irekitzea izan zen, beraiek deitzen zuten iraultza demokratiko nazionalerako atea. Baina oraindik askapen prozesu bat da, oraindik askapen nazional demokratiko batean daude, gaur egun Hegoafrikan dauden desberdintasun ekonomikoak arrazan oinarrituta daudelako, maila handi batean. Hegoafrika tipo bereziko kolonialismo bezala definitu zuten; zergatik?. Ez zelako kanpoko botere batek eragindako kolonialismo bat, baizik eta barruan sortutakoa, eta horri oraindik ez zaio bueltarik eman. Urte asko beharko dira eta posible da bidean galtzea. Batzuetan oso zorrotzak gara besteekiko.

Edonola ere, gorabeherak gorabehera eta arazoak arazo, egia da baita ere Hegoafrika izan dela Israelen kontrako salaketa jarri duena Nazioarteko Epaitegian. Gauza batzuk oso argi dituzte.

Gauza bat dauka ANCk oso argi, eta denok kontuan hartu beharko genuke: beraiek badakite, eta oso kontziente dira eta saiatzen dira belaunaldi berriei hori ezagutarazten, beraien askapena ez litzatekeela posible izango beraien borrokari esker bakarrik, beraiek elkartasun handia jaso zutela kanpotik. Borrokaren lau zutabe zituzten eta bat nazioarteko elkartasuna zen. Oso kontziente dira horretaz. Badakite zordun direla hainbat herrialderekiko, eta bat Palestina da. Zordun diren era berean Aljeriarekiko, Kubarekiko, Angolarekiko eta beste herrialde batzuekiko. Horregatik, beraiek prozesu horiekiko elkartasuna mantentzen dute; ez erretorika hutsean, baizik eta jardunean. Badaukate sektore internazionalista garrantzitsu bat. Hainbeste urteren ondoren horrelako jarrera garbia eta solidarioa edukitzea eredugarria dela uste dut.

Honi buruzko guztia: 2013