1977/2024 , Maiatzak 22

Bilduk Gipuzkoan eta Donostian gobernatu zuenekoaz, Garitano eta Izagirrerekin

Martin Garitanok eta Juan Karlos Izagirrek badakite zer den sortu berri den alderdi batekin herrialde eta hiriburu bat gobernatzea, 2011-2015 legegintzaldian egin zioten aurre erronkari. Presio eta egur handia jaso zuten alde batetik, baina aitortzen dute inoiz baino maitatuagoak sentitu zirela herriarengandik.

Juan Karlos Izagirre eta Martin Garitano, 2011ko azaroan Amaiurren hauteskunde-ekitaldi batean.
Juan Karlos Izagirre eta Martin Garitano, 2011ko azaroan Amaiurren hauteskunde-ekitaldi batean. (Jon URBE | FOKU)

Bazekiten beraien bizitza aldatuko zela 2011ko maiatzaren 22az geroztik; ez zuten uste, ordea, «horrenbeste» aldatuko zenik. Hauteskunde horien ondorioz bilakatu zen Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusi eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate. Pasioz bizi dute politika, pasioak eta konbentzimenduak bultzatu zituzten hauteskunde zerrendara, eta garaiko ilusioarekin gogoratu dituzte bizitakoak. Baikor ikusten dute etorkizuna, aldaketa EH Bilduren eskutik etorriko denaren segurantzaz, baina tartean, oroitzapen garratzak ere kontatzen dituzte.

2011ko udal eta foru hauteskundeez galdetuta, maiatzaren 5eko «gau magikoa» dute lehen mugarri. Gau horretan bertan hasten zen hauteskunde kanpaina, 40.000 lagunek Bilduren zerrendetan parte hartzea debekatuta zutenez azken orduan bete zituzten zerrendako zenbait postu, Auzitegi Konstituzionalaren esku zegoen Bildu legeztatu edo ez erabakitzea, ordurako Ezker Abertzalea legez kanpo zegoen… Tentsioa zen nagusi, baina Garitanok anekdota batekin oroitzen du: «Pello Urizar eta Oskar Matuterekin nengoen, eta esan nien: begira, ondo ateratzen bada irabazi egingo dugu. Baina gaizki ateratzen bada Oskar, zu langabeziara joango zara; eta Pello, zuek, elkartetxe guztiak galduko dituzue, denak hipotekatuta dauzkazue-eta; eta ni, ni kartzelara joango naiz».

Bilduren zerrendarako debekurik ez zuten artean Izagirrek eta Garitanok, «jende mordo batek urrats bat egin genuen injustizia horren aurrean», azaltzen du Izagirrek. Hilabete batzuk lehenago hartu zuen zerrendetan joateko erabakia; guztiz azken ordukoa izan zen, aldiz, Garitanorena. Zerrendak aurkezteko egunaren bezperan Korrika amaitzen zen Donostian, egun horretan bertan proposatu zioten, eta baietz erantzun zuen: «'Ederra egin duzue' esan nien, irabazi egingo dugu, eta gobernatu. Nik susmoa nuen irabazi egingo genuenarena, lanagatik kalean jendearekin harremana nuen eta usaintzen nuen». Izagirrek ere bat egiten du susmoarekin: «Borroka armaturik gabeko ziklo bat bazetorrela sumatzen zen, jendeak ikusi zuen egin genuen esfortzua, jende ezberdinak komunean zer genuen ikusiz eta hori lehenesteko desberdintasunak alde batera utziz».

Izagirre eta Garitano Gipuzkoako Foru Aldundian eskainitako prentsaurreko batean. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Maiatzaren 5ean legeztatu zuten Bildu, Bilboko Areatzako Garitanoren «Gora Euskal Herria askatuta!» oihua gogoratuko dute inguruan zebiltzanek. Maiatzaren 22a iritsi zen gero, ordura arteko emaitzarik onenak lortu ziren. Donostian, Izagirreren taldeak zortzi zinegotzi lortu zituen, sozialisten zazpi, PPk sei eta EAJk beste sei. Gipuzkoako Aldundiko emaitza pilota partidu batekin alderatuta aurkezten du Garitanok: 22-14. Bilduk 22, EAJk 14, PSEk 10, PPk 4 eta Aralarrek 1.

Zenbakiek ematen zuten gobernatzeko, beraz, eta testuingurua ere berezia zen, Patxi Lopez zen Lakuako lehendakaria, Ibarretxeri postua kenduz; uste dute horrek eragina izan zuela Donostian, EAJ PSErekin ez elkartzeko. Donostiak zein Gipuzkoan Bilduk gobernatu zuen, baina Izagirrek argi du arerio politikoek pentsatuta zutela gobernatzen uztearen truke zein zen beraien estrategia: «Uste dut oso ongi kalkulatu zutela momentua, 'orain hartuko duzue alkatetza, baina hemendik lau urtera ez duzue jarraituko inondik inora ere' pentsatzen zuten».

Bidean oztopo ugari

«Uste zuten bakarrik eroriko ginela, gure saltsan egosiko ginela», azaltzen du Garitanok EAJri eta PSEri erreferentzia eginez. Instituzio horietara sarrera gogorra izateaz gain, ostea are gogorragoa izan zela gogoratzen du: «Abizena aldatu nahi izaten nuen batzuetan, denbora guztian Garitano ha hecho, Garitano… Aizu, nik Garcia abizena nahi dut! Pentsatzen nuen askotan». Antzeko sentitu izan zen Izagirre ere, eta seguru azaltzen du, «zaborraren gaia» ez bazen, topatuko zutela beste gairen bat koalizio subiranista kolpatzeko, «helburua 2015ean gu gobernatzen ez egotea zuten».

Arerio politikoen asmoen inguruan: «Uste zuten bakarrik eroriko ginela, gure saltsan egosiko ginela»

Oztopo asko izan zituzten lau urtetan zehar, Izagirrek komunikabideen partetik jaso zuten tratua azpimarratzen du, «salbuespenen bat kenduta». Martuteneko uholdeen kasua du buruan iltzatuta: «Ekainean gobernua osatu eta azaroan izan ziren uholdeak. Uholdeak izan eta lehen egunean hara joan ginen, 400 pertsonako batzarra egin genuen, jendea oso haserre zegoen. Esan genien uneko lehentasuna zela irtenbideak topatzea, baina elkarrekin egin behar genuela. Herritarrak erabakiak hartzeko mahai guztietan egon ziren, gu auzolanera joaten ginen. Oso maitatuta sentitzen ginen Martutenera joaten ginen bakoitzean, nahiz eta pare bat bizilagun beti haserre egon, giro oso ona zegoen. Ba 'Diario Vasco'ren eta EiTBren irudia beti zen talkarena».

Garitanok azaltzen du «desgaste guda» bat jarri zela martxan beraien aurka: «Guk alde genuen herria, herriaren zati handi bat. Eta kontra geneuzkan botere faktikoak. Garaian asko hitz egiten genuen, eta egia santua da: bankuak eta komunikabide indartsuenak kontra badauzkazu, hori desgaste guda bat da». Eta horrela gobernatzea oso zaila izan zela gogoratzen dute biek, eta hala ere, harro daude zenbait gauza aurrera atera zituztelako. Baina batez ere «estilo bat markatu» zutelako.

Bilduk estiloa markatzeko jaiotza-testuinguru konplexua zuela gogoan du Izagirrek: «Bildu sortu zenean ez zegoen egitura bat, Ezker Abertzaleko liderrak kartzelan zeuden eta ez zeuden legeztatuta. Geroztik forma bat hartu du EH Bilduk, eta egitura bat du, idazkaritzak ditu sektoreka… eta helburuari eusten dio: denok hobeto bizitzea, jendarte justuago bat izatea eta, horretarako oso garrantzitsua den gisa, sektore ezberdinek bat egitea ereduak aldatzeko».

«Gauza bat da erabakiak hartzea, erabakiak hartu behar dira ahal duzunaren barruan, dituzun baliabideekin; baina estiloa markatu egin behar da»

Bilduren estiloa

Zintzotasuna, gardentasuna, zero ustelkeria, ezinezko promesik ez, sinesgarritasuna, benetako parte hartze prozesuak. Horiek zerrendatu zituzten elkarrizketan zehar, EH Bildu ezaugarritzen duten elementu gisara: «Gauza bat da erabakiak hartzea, erabakiak hartu behar dira ahal duzunaren barruan, dituzun baliabideekin; baina estiloa markatu egin behar da».

Garitanoren ustez, ezinbestekoa da politikagintzan «aurpegia ematea»: «Lotsarik ez duzu izan behar, eta akatsak onartu behar dira. Jakin behar da esaten ez garela iritsi, edo ez dugula bitartekorik, edo ez dugula asmatu, hori ere aitortu behar da eta hori jendeak eskertzen du». Izagirreren ustez garrantzitsua da batzuetan ezin dela esatea, berak alkatetza utzi zuenean udaletxeko teknikariek hori asko eskertu omen zioten, «politika egiteko beste modu bat ere bada ezinezko promesik ez egitea».

Beren legegintzaldian herritarrekin parte hartze prozesuak bultzatu izanak «estilo bat» markatu zuela aitortzen dute. EAJk eta PSEk, egun, parte hartze prozesuak egiten dituztela aldarrikatu izana kritikatzen du Izagirrek, eta «norabide bakarreko prozesuak» direla gaineratu zuen: «Joaten direla auzoetara, baina, beraien erabakien berri eman arren, eztabaidarako aukerarik gabe».

Maiatzaren 23ko agerraldia, hauteskunde emaitzen balorazioa egiteko.
Maiatzaren 23ko agerraldia, hauteskunde emaitzen balorazioa egiteko.

«Harro agertzeko moduko datu bat badago, hainbeste udaletxetan eta horrenbeste instituziotan ordezkariak izanda, zero ustelkeria kasu dituela EH Bilduk», azaltzen du Garitanok ereduaren gaiari jarraituz, eta uste du horrek sinesgarritasuna ematen diola alderdi subiranistari. «Jendeak sinetsi egiten gaitu, ados egongo da edo ez, baina sinesten gaitu», onartzen du.

Garaira eta egoera bakoitzera egokitzen jakitea ere garrantzitsua izaten da, herri eta auzo bakoitza bisitatzea, instituzioetako lana zein nazioarteko diplomazian egin beharrekoa, guztietara egokitzeko gaitasuna txalotzen du bergararrak: «Guk badakigu behar denean gorbata janzten, behar denean katiuskak eta behar denean alkandora zuria».

«Politikan negar asko egiten da»

Politika berriro «prestigiatu» behar da Izagirreren ustez: «Politika show bat bihurtu dute, baina politika oso gauza garrantzitsua da, politikak balio du ditugun arazoei irtenbidea bilatzeko. EH Bilduk jakin du kaleko herri mugimenduak eta lan instituzionala uztartzen, biak batera joanez etorriko dira aldaketak».

«Esperientzia bitala» izan da bi kargudun ohientzat 2011n hartutako erabakia, esperientzia pertsonal asko eta ederrak bizi izan dituztela nabarmentzen dute, jende izugarria ezagutu dutela eta «herriarengandik oso maitatuak» sentitu izan direla. Baina badu alde ilunik ere, «politikan negar asko egiten da», aitortzen du Garitanok: «Eta aldamenekoek asko sufritzen dute, norberak baino gehiago, azkenean».

Garitano baikorra da etorkizunari begira: «Hurrengo hauteskundeetan irabazi egingo dugu eta Pello Otxandiano lehendakari ikusiko dugu»

Garitanok aitortzen du oso baikorra dela etorkizunera begira, egun EH Bilduren barnean dabilen jendea «oso jende ona» dela uste du, eta iragarpenak egitera ere ausartzen da: «Hurrengo hauteskundeetan irabazi egingo dugu eta Pello Otxandiano lehendakari ikusiko dugu, Nafarroan Joseba Asironek alkate jarraituko du edota jauzi bat egongo du. Ipar Euskal Herrian jauzi kualitatibo bat eman da, gu eskailera batean gaude, ez gaude pertika jauzia egiteko, badakigu horrek ez duela funtzionatzen». Izagirre ere baikorra da, baina ondotik «pazientzia estrategikoa» izateko gogoratzen dio kideari, azken boladan horren modan jarritako terminoa.

Donostiako alkate ohiak EH Bilduk hiriburu bat eta herrialde bat gobernatu dezakeela erakutsi izana txalotzen du, eta ezker independentistaren bidean berretsi: «Herritarrekin batera, gertutasunetik eta zintzotasunekin lan egitea eskaintzen du EH Bilduk, eta hori guk bakarrik eskaini dezakegu, ideologia batetik: ezkerretik eta Euskal Herriaren eskubideak defendatuz. Helburua ezkutatu gabe, guk Euskal Errepublika nahi dugu».

«Harrotasunez esan dezakegu ahal genuena egin genuela, harrokeriarik gabe», esaten du pozarren Garitanok. Eta horretarako talde lana izan zuten giltzarri, borondatea, jakintza, lana eta pertsona egokiengana jotzea.

Aldaketan sinesten jarraitzen dute, 2011n bezain argi eta pasiotik; ezker independentismoaren eskutik etorriko denaren segurantzarekin jarraitzen dute egundo.

Honi buruzko guztia: 2011