Naiz.info
Donostia

Kimuak katalogoa zazpi film laburrek osatuko dute aurten

66 proposamenetatik zazpi aukeratu ditu epaimahaiak Kimuak 2012 katalogoa osatzeko.

Hautatuak izan diren film laburrak Mikel Ruedaren ‘Agua!’; Isabel Hergueraren ‘Bajo la almohada’; Ander Mendiaren ‘Beerbug’; Jesús M. Palaciosen ‘Casa vacía’; Koldo Almandozen ‘Deus et machina’; Paul Urkijoren ‘Los monstruos no existen’; eta Martín Roseteren ‘Voice over’ dira.

Aurtengo aukeraketa Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zuzendariez osatua dago, eta hizkuntza zein genero anitzak jasotzen ditu, Euskadiko Filmategiak jakinarazi duenez.

Epaimahaia osatu duten kideek, hots Maialen Beloki –Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea eta Zinemira, Made in Spain eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa atalen arduraduna–, Josemi Beltrán –Donostia Kulturako Zinema arduraduna–, Pilar García Elegido –Madrilgo Erkidegoaren Ikus-entzunezko Ataleko arduraduna–, Edurne Ormazabal –EITB.com-eko zuzendaria– eta Ángel Sala –Sitges Catalunyako Nazioarteko Zinemaldi Fantastikoaren zuzendaria–, aurkeztutako film laburren maila altua aipatu dute eta horien artean zazpi baino ez aukeratzeko zailtasuna azpimarratu.