Gotzon Aranburu
ARTETA

Jose Ulibarrena

Jose Ulibarrenak 88 urte beteak ditu, eta osasunez makal antzean dabil egunotan, baina Euskal Herriaz, etnografiaz edo 1936ko gerraz hitz egiten hasten denean sasoia berreskuratzen du eta ezagun egin duen berotasunez irteten dira hitzak bere ahotik. Euskaraz, gazteleraz eta fransesez irten ere.

Jose Ulibarrena. (Gotzon ARANBURU)
Jose Ulibarrena. (Gotzon ARANBURU)

Irujo Etxea Elkarteak eman berri dio bere hamabigarren Manuel de Irujo saria Jose Ulibarrenari (Azkoien, 1924) eta aitzakia honekin Artetako Museo Etnografikora gerturatu gara, gizon honek egindako lan eskergaren erakustoki aparta delako. Urte luzeetan zehar Nafarroan eta beste lurralde batzuetan milaka kilometro eginda, txoko asko miatuta, bildutako piezak dauzka ikusgai XVII. mendeko ‘Fantikorena’ etxean. «Hamar milatik gora daude» dio Josek, euskaraz, euskaldunberria baita. Venezuelan ikasi zuen, beste nafar batzuen laguntzaz, Erronkariko Estornes Lasa anaiak hain zuzen ere.

Hainbeste material izanda, dena ez da etxe barruan kabitzen. Kanpoan dauzka gurdiak, zurezko prentsa ikusgarri bat, soroan erabiltzeko makinak… Eskultorea da Ulibarrena, eta etxaurrean prestatutako aterpe batean lantzen ditu eskulturak. Hainbat eta hainbat egindakoa da, eta orain Sarasate musikariari eskainitakoa bukatzen ari da, zurezkoa.

‘Fantikorena’ barruan sukalde osoak, ogia egiteko labea, kutxak, basoan eta soroan erabiltzeko tresnak, arrantzarakoak… zer ez dago hemen. Hilarriak, margoak, erlojuak, eskulturak, txirringak, jostailuak, sukaldeko tresnak, komunekoak (XVIII. mendekoak), azulejoak, burdina lantzeko tresnak, brodatuak, bostehun aletik gorako liburutegia… Ulibarrenaren meritua da Iruñeko suhiltzaileek izan zuten aurreneko automobila, Ford T bat, desguazetik salbatu izana.

1964an ireki zuen museoa Josek, Berriobeiti herrian, eta hogeita bi urte geroako ekarri zuen Ollo bailarako Artetara. Eskulturgilea dela esan dugu Ulibarrena, eta bailara honetan nonahi topatuko ditugu artistaren arrastoak. Bata, ezagunena beharbada, ‘Centauro del Pirineo’ izenekoa, burdinez egindakoa, bailarako sarreran. Beste bat Olloko udaletxearen ondoan dagoena. Lizarrako ikastolan ere badaukate bere eskultura bat, hala nola Noainen, ‘Monumento a la batalla de Noain’ izenekoa. Baina beharbada zirraragarriena 1936ko gerran hildakoei eskainitako Sartagudako Memoriaren Parkean jarrita dagoena izango da. Elkar besarkatuta fusilatutako hiru pertsona irudikatzen ditu eskultura honek.

Sartagudako eskultura ez da imaginazio hutsetik sortutakoa, Josek bere begiekin ikusitako fusilamendu baten isla baizik. Izan ere, oso umetatik jasan behar izan zuen haren familiak gerraren krudeltasuna eta faxisten gorrotoa. Aita atxilotu eta hil egin zuten Iruñeko kartzelan, eta oraindik ere ahotsa hautsi egiten zaio Joseri hura gogoratzean. «Egun haietan ez zen epaiketarik, ez fiskalik, ez abokaturik, ez ezer. Requeté eta falangisten gorrotoa besterik ez. Eta armak ere haiek zituzten. Nire herrian, Azkoienen, 91 bizilagun hil zituzten, 91! Ez da broma» dio ozen. Herritik alde egin behar izan zuten ama alargunak eta seme-alabek, eta Iruñera jo zuten. Hiriburuan ikusi zuen, hamaika urte besterik ez zituela, nola faxistek hiru gazte fusilatu zituzten. Elkarri besarkatuta hil ziren gazteak; hara hor Josek buruan izan zuena Sartagudako eskultura egin zuenean.

Jaso berri duen sarira itzulita, hona Irujo Etxeak Jose Ulibarrenari saria emateko arrazoia: «Gure herriko usadioak, kultura eta memoria berreskuratzeko egindako ahalegin galanta. Guretzat garrantzia itzela dauka lurrarekin bat eginda bizi den gizon honen jardunak, etnografian eta eskulturgintzan. Bere eskulturak indar handikoak dira, Nafarroaren historiari eta askatasunari gores egiten dioten lanak». Pozik, baina harrotasunik gabe, hitzok jasotzen dituen plaka erakutsi digu Josek. Horrek ere ohorezko tokia merezi du hemendik aurrera Artetako museoan