NAIZ.INFO

Donaixtiko etxe okupatua husteko agindu du Baionako epaile batek

Jabeek jarritako salaketaren ondoren hartu du Donaixtiko etxe okupatua hutsarazteko erabakia Baionako auzitegiak. Epailearen erabakia ez dutela beteko adierazi dute Nafarroa Behereko etxe hau kudeatzen dutenek, «legezkoa ez bada ere, erabat legitimoa delako» euren ekimena.

‘San Mixel okupa’ etxea hartu zuten gazteak, okupazio egunean. Gaizka IROZ / ARGAZKI PRESS
‘San Mixel okupa’ etxea hartu zuten gazteak, okupazio egunean. Gaizka IROZ / ARGAZKI PRESS

Orain bi aste Baionan izan zen epaiketaren emaitza jakin dute gaur Nafarroa Behereko Donaixtiko gazteek, uztailaren amaieran okupatu zuten etxea 72 ordutan hustutzeko agindu du Baionako epaile batek.

Erabakia etxearen jabeak jarritako salaketaren ondoren etorri da. Jabeek euren jabegokoa dela eta gainera, etxea ez dagoela egoera onean argudiatu zuten auzitegian. Donaixtiko gazteen defentsak esan zuen jabegoa ez dutela zalantzan jartzen eta eraikina eraberritzeko lanetan ari direla.

Erabakia ezagututa Donaixtiko ‘San Mixel okupa’ etxeko kideek jakinarazi dute «legezkoa ez bada ere, erabat legitimoa» dela eurek garatutako dinamika. Azken asteetan ekimen ugari antolatu dituzte etxea bera eta herria biziberritzeko. Erabakia jakin den egunean ere auzolanaren aldeko aldarria zabaldu dute eta egun osoko egitaraua antolatu dute.