NAIZ.INFO
OSLO

Europar Batasunak jasoko du Bakearen Nobel Saria

Europar Batasunak Bigarren Mundu Gerraren amaieratik gaurdaino egindako lana goraipatu dute Bakearen Nobel Saria EBri emango diotela iragartzean. Alemaniaren eta Frantziako Estatuaren arteko adiskidetzea eta Batasunean sartzeko Estatu kide berrietan eragin duten «demokraziarako urratsa» aipatu dituzte.

Thorbjoern Jagland, Norvegiako Nobelaren Komiteko presidentea, sariaren berri ematen gaur Oslon. Heiko JUNGE / AFP PHOTO
Thorbjoern Jagland, Norvegiako Nobelaren Komiteko presidentea, sariaren berri ematen gaur Oslon. Heiko JUNGE / AFP PHOTO

Gaur iragarri du Oslon Norvegiako Nobel Komiteak Bake Nobel Saria Europar Batasunarentzat izango dela. Sariaren berri emateko agirian Europar Batasunak Alfred Nobel berak aipatzen zuen «nazioen arteko kidetasuna» erakusten duela aipatu dute.

Komitearen presidenteak, Thorbjoern Jaglandek, Europa egoera ekonomiko zailean dagoen momentuan, «Europar Batasunaren emaitza garrantzitsuena» erakutsi nahi izan dutela esan du aurkezpenean: «demokrazia eta giza eskubideen errespetuaren bidean, bakearen eta adiskidetzearen alde egindako lan oparoa».

Gerra arteko garaian Alemania eta Frantziako Estatuaren arteko adiskidetasuna bultzatu zutenei sari ugari eman zizkiela aipatu du eta 1945etik hona «adiskidetasun hori egia» bilakatu dela. 70 urtean hiru gerra izan osteran, gaur egun bi Estatu hauen arteko gerra «pentsaezina» dela adierazi du Jaglandek eta horrek erakusten duela nola «etsai historikoak gertuko kide bilaka daitezkeen».

1980ko hamarkadan Grezia, Portugal eta Espainiako Estatuak EBra batu zirenean, baldintza demokraziarako urratsa ematea izan zela gogoratu du Komiteak bere oharrean. Berlingo harresia erori zenetik aro berria ireki zuela eta Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko zatiketa amaiarazi duela: «demokrazia indartu egin da; oinarri etnikoa zuten gatazka nazional ugari gainditu dira».

Kroaziaren onarpena (datorren urtean), Montenegrorekin abiatutako negoziazioak kide bilakatzeko eta Serbia hautagai bezala onartzeak «Balkanetako adiskidetze prozesua indartu dute», Nobel Komitearen arabera. Turkia Batasunean sartzeko aukerek ere herrialde horretako «demokrazian eta giza eskubideen errespetuan aurrera pausuak» eragin dituela uste dute.

Lehen zalantzak kazetariek

Ingelesez eta Norvegieraz sariaren berri eman orduko hasi dira galdezka Osloko ekitaldian ziren kazetariak. Zalantza ugari, Europar Batasuna munduko hainbat gatazketan izaten ari den jarreraren inguruan. Israel eta palestinarren arteko gatazkaz galdetu diote Jaglandi, Maliko egoeraz, Somaliaz eta Siriaz, besteak beste.

Sari honen inguruan Grezia, Irlanda edo Espainiako Estatuetako biztanleek zer pentsatuko duten ere galdetu diote. Jaglandek erantzun du «egungo hainbat politika kritikatu arren» herrialde horietako «herritarren gehiengo zabala» Europar Batasunean egotearen alde direla, eta horrek erakusten duela «zer garrantzitsua den Batasuna herritarrentzat».