Naiz.info
Gasteiz

The Black Crowes eta The Smashing Pumpkins Azkena Rocken izango dira

The Black Crowes eta The Smashing Pumpkins taldeak izango dira Gasteizko Azkena Rock jaialdiko kontzertu nagusiak. Festibala ekainaren 28 eta 29an egingo da Mendizabalan.

The Black Crowes, 2009an, Azkena Rocken. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
The Black Crowes, 2009an, Azkena Rocken. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Bi urteko atsedenaren ondoren, The Black Crowesek 2013rako nazioarteko bira iragarri zuen orain gutxi, ‘Lay Down With Number 13’ izenburupean. Manchester, Londres, Glasgow, New York, Chicago, Boston, Nashville eta New Orleansen izango da taldea, beste askoren artean. Biraren bigarren zatia maiatzaren 17an abiatuko da eta horren baitan iritsiko da Gasteizera, ekainean.

Martxoaren 19an kaleratuko du disko berria taldeak, ‘Wiser For The Time’ izenekoa. Binilo bikoitza izango da, 26 kantuekin (15 akustiko eta 11 elektriko). Abestiak New Yorken 2010ean eskainitako zuzeneko bost kontzertutan grabatutakoak dira.

Azkena Rock jaialdiko bigarren kontzertu nagusia The Smashing Pumpkins-ena izango da. Chicagoko taldea 80ko hamarkadan osatu zen eta ‘Siamese Dream’ diskoarekin lortu zuten arrakasta 1993an, baita bi urte beranduago egin zuten ‘Mellon Collie and The Infinite Sadness’ albumarekin ere.

Urteetako parentesiaren ondoren, 2006an berriro elkartu zen taldea eta 2007an ‘Zeigeist’ kaleratu zuten. Azken lana ‘Oceania’ zan da, iaz egindakoa.

Talde gehiago

Aipatutako bi taldeez gain, Gasteizen izango dira baita ere Gov´t Mule –hirugarrenez izango dira Azkena Rocken– eta Rocket From The Crypt.

Rock Modest Mouse, Alberta Cross, M Clan eta The Sword ere zerrendan daude. 

Azkena Rock Sessions!

Musika jaialdi gasteiztarrak atal berria estreinatuko du hurrengo edizioan. Azken Rock Sessions! izango da eta rock munduan sortzen diren talentu berriak ezagutzera ematea izango du helburu. Zikloa ostegunetan ospatuko da. Lehenengoa, urtarrilaren 31n, Buffalo Summer britainiarren eta Holly Brandy bilbotarren parte hartzearekin.