NAIZ.INFO
DONOSTIA

Japonieratik euskarara zuzenean itzuli dute Kobayashi-ren lan bat

Gaurko egunez, 1928an, hasi eta hurrengo hilabeteetan milaka japoniar atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituzten. Langileriarentzat latza izan zen garai hura jaso zuen Takiji Kobayashi idazle japoniarrak gaur Armiarma atarian argitaratu duten ‘1928-03-15’ lanean. Liburua zuzenean euskaratu dute eta ingelesera, gaztelerara edo frantsesera itzuli aurretik.

‘1928-03-15’ lana sarean eman dute Armiarma.com atarian. (NAIZ.INFO)
‘1928-03-15’ lana sarean eman dute Armiarma.com atarian. (NAIZ.INFO)

Askotan ez bezala jatorriko hizkuntzatik zuzenean eta gazteleraz, frantsesez eta ingelesez aurkitu ezin daitekeen lan bat argitaratu dute gaur Armiarma atarian.

«–Langile jendea sufritzen ari da. Horregatik sortzen zaie inongo arrazoirik gabe dirua kentzen dien aberatsen aurka borrokatzeko gogoa...» «...Martoxaren 15ean, goizean goiz, bat-batean esnatu eta etxe osoa arakatu zuten. Senar-emazteei elkarrekin hitz egiten utzi gabe, senarra eraman zuten bospasei polizia eta epaitegiko funtzionario batzuen artean».

Armiarma atariko ‘Euskarari ekarriak’ gunean gaur argitaratu duten ‘1928-03-15’ liburuaren bi pasarte dira aurreko paragrafokoak. Takiji Kobayashik idatzi zuen. 29 urte eskaseko bizia izan zuen, oso gazte zelarik hil baizen, hil baizuten. Poliziaren eskutan jasandako torturen ondorioz hil zen Kobayashi.

Hiromi Yoshidak jarri du lana euskal irakurleen eskura. Gaur publiko egin duten lanaren egilea «literatura proletarioa deitutakoaren idazle behinena da» itzulpena argitaratu dutenen esanetan eta lehen kapituluan bertan testuingurua garbi uzten du, honako pasarteak horren adierazle: «Lenin bai, ezagutzen dut, baina Rosa...», «Marx langileentzako jainkoa bezala da, ezta?», «nire atzetik zelatari bat zetorren, eta nola edo hala ihes eginda iritsi naiz», «–Ez hitz egin elkarri! –moztu zien zorrotz aldameneko gelatik karpetadunak», «inork baino azkarrago ikasi zituen ‘Bandera gorriaren kantua’ edo ‘Langileen eguneko kantua’»...