NAIZ.INFO
BEASAIN

‘Bertsomovieda’: 33 lanetatik onena bozkatzeko garaia

Arrakasta izan du ‘Bertsomovieda’ ekimenaren bigarren edizioak antolatzaileen esanetan. Orotariko 33 lan jaso dituzte, antzerkitik gehiago dutenak, musikaz lagundutakoak, ia profesional itxura dutenak eta etxeko eskua gehiago nabari zaienak, gaztetxoek eta helduek egindakoak... Hilaren 24a arte onena bozkatzeko tartea ireki dute orain.


Lehiaketara aurkeztu duten lanetako bat: ‘9 hilabete’

Pasa den ostiralean itxi zuten ‘Bertsomovieda’ lehiaketarako lanak aurkezteko epea eta pozik dira antolatzaileak bigarren edizio honek arrakasta izan duelako. 33 lan jaso dituzte Beasaingo Arrano Kultur Elkartean eta datorren hilaren 24a arte horiek bozkatzeko aukera dute orain erabiltzaileek lehiaketaren webgunean.

Bertsoa, bideoa eta euskara ziren ekoizpenek halabeharrez izan behar zituzten ezaugarriak, horiek bete eta lan adina kolore gehitu zaizkio ‘Bertsomovieda’-ri. Antzerkirako dohain berezia erakutsi dute aurkeztu diren lan askok, gaztetxoek ikastetxeetan egindakoak dezente daude, bertso munduan serio antzean aritzen direnek egindakorik ere bai, errezitaldi itxura dutenak, lan profesionala dirudite batzuk eta beste batzuri etxeko eskua nabari zaie gehiago. Bertsoaz euskaraz eta ikusentzunezko lengoaia baliatuz egindako 33 lan guztira.

Sari-emate ekitaldia apirilaren 12an

Erabiltzaileen botu gehien jasotzen dituen lanak 550 euroko saria izango du. Hortaz gain, 1000 euroko saria jasoko du helduen mailan den ‘bertsomovie’ onenak eta 400 eurokoa gaztetxoen kategoriakoak. Beste bi sari ere izango dira: epaileen 300 euroko aipamen berezia eta 250 euroko saria bertso onena duen lanarentzat.

Apriilaren 12an izango da sari-emate ekitaldia, aurrez emango dute maila bakoitzean irabazi duen lanaren berri.