Oteizaren ondareak bizirik dirau Altzuzan

Altzuzan, murru bat herrixkari eta bestea Iruñeari begira duela bizi da Oteiza Museoa. Bertan biltzen da XX. mendeko artista handiak Nafarroari, eta, oro har, gizarteari, utzi zion ondarea. Aurten, hamar urte betetzen ditu Oteiza bizirik mantentzen duen eraikinak.

Amalur Artola|2013/04/07 10:10
P008_f01
Oteizaren museoa Altzuzan dago. (ARGAZKI PRESS)

Amaiera eta hasiera, aurten izate bat zehazten duten bi mutur horiek oso presente izango ditu Altzuzan, murru bat Nafarroako herri txiki honi eta bestea etengabeko zabaltzea bizi duen Iruñeari begira dituen Oteiza Museoak (www.museooteiza.org). Amaiera, Orioko artista handiaren heriotzaren hamargarren urteurrena betetzen delako. Eta hasiera, Oteizak Nafarroari utzitako ondarea biltzen duen museoak orain dela hamarkada bat sortu zela ospatzen duelako.

Bi egitate horien haritik eta, batez ere, eskultorearen pentsamoldea zein obra lau haizetara zabaltzen jarraitzeko duten asmoa nabarmendu asmoz, ate irekien jardunaldiak ari dira egiten egunotan. Atzo egin zuten lehen txandan, hotzak, euriak eta hainbat errepidetan pilatutako elurrak ez zituen bisitariak kikildu eta bertan izan ziren, berokiak eta botak soinean. Gainerakoek gaur, 11.30ean, eta asteartean (hilak 9, Oteizaren heriotzaren 10. urteurrena,) 11.00etan eta 13.00etan, izango dute doako bisitaldiotan parte hartzeko aukera. Hori bai; aldez aurretik ordua eskatu behar da 948 33 20 74 telefono zenbakiaren edota recepcion@museooteiza.org helbidearen bidez.

Jorge Oteiza (Orio, 1908ko urriak 21 - Donostia, 2003ko apirilak 9) 1974an joan zen Altzuzara bizitzera. Iruñea ondoko herri txiki honetan eraiki zuen bere sormena garatzeko eta zituen proiektuak aurrera eramateko behar zuen espazioa, eta, ordurako, erabakia omen zuen hura izango zela bere obrak erakutsi eta gizartearekin partekatzeko espazioa ere. Hala azaldu digu, behintzat, artistaren obra eta figura ondo baino hobeto ezagutzen dituen Gregorio Diaz Ereñok. Egun, museoko zuzendari lanetan dabil eta eraikinean bertan azaldu dizkigu museoaren gaineko xehetasunak. «Bere obra eta pentsamendua ezagutzera emate aldera, Oteizak bere etxean bertan museo txiki bat eraiki behar zuela erabaki zuen 80ko hamarkadan, eta, apurka, herriarekin lortura sendoa eraiki zuen. Altzuzako Iturria eraiki zuen, bera eta bere emazte Itziarrek zentzen zirenean Altzuzan hilobiratu nahi zutela erabaki zuten...», azaldu du. Denborarekin, Oteiza Fundazioa sortu (1992an), bere lagun arkitekto Francisco Javier Saenz de Oizarekin elkarlanean museoaren eraikina osatu eta, Jaurlaritzarekin izan zituen ezadostasunak medio, bere ondare guztia Nafarroako gizarteari utzi behar ziola erabaki zuen Oteizak.

Artistaren heriotzaren ostean, 2003ko maiatzean ireki zituen ateak egun ezagutzen dugun Oteiza Museoak, eta, berarekin batera, gizarteak berari utzitako ondare horren bidez XX. mendean euskal artean eragin gehien izan zuen artistetako bat inoiz baino hobeto ezagutzeko aukera etorri zen.

Artea, arkitektura eta natura

Inor museo batera sartzen denean, ikusgai dagoena ikusten du; berak ikus dezan erakusketa espazio batean jarri duten hura. Altzuzan, bisitariak Oteizaren eskuek landutako obrak, eraikina eta natura, hirurak batera ikusten ditu. Horretan badu zerikusirik Francisco Javier Saenz de Oizak. «Bi artistek 1950ean Arantzazun egindako lanean ekin zioten elkarlanari -hasi da Diaz Ereño-. 50 urtetan zehar ondo ezagutu zuten elkar, eta, museoa diseinatzeari ekin ziotenean, ez zuten obra batek bestea estal zezala nahi, bien arteko elkarrizketa bilatzen zuten». Baita lortu ere. Kanpotik eraikin itxia dirudien arren -«bunkerra», zuzendariaren hitzetan-, argi naturalak bustitzen du txoko bakoitza eta, hormen arteko zirrikituetatik zein pasillo irekietatik, aretoko bazter batean egonda urrunean ikusten den obraren batek erakartzen du bisitariaren arreta. «Lanak kronologikoki antolatzen saiatu gara, baina Jorgerengan garapen kronologiko hori oso zaila da, aldi berean forma figuratiboak zein abstraktuak gara ditzakeelako. Eraikinaren konfigurazioak hori aintzat hartzen du eta bisitaria bazter batetik bestera darama, erakartzen duen horren bila». Berdin gertatzen da hormekin: Iruñera eta haranera begira dauden hormak itxiak dira, Oteizaren etxebizitza izandakoari begira daudenak irekiak, leiho handiz josiak, bizilekua, bere sormen espazioa, museoarekin etengabeko komunikazioan egon dadin.

Diaz Ereñoren hitzetan, «arkitektoak eta artistak bat egin zuten eta horrek ematen dio museoari duen xarma. Ez da eraikin ikusgarria, jendea goxo hartzeko diseinatutako eraikina da, naturan bikain txertatzen dena».

Bisitaldian zehar, 1930-1970 urteen arteko eskulturak, dokumentuak, laborategi esperimentala, idatziak, marrazkiak, bere liburutegi pertsonala... Oteizaren sormen prozesua ulertzen lagun dezaketen milaka objektu biltzen ditu Altzuzako museo-etxeak. Diaz Ereñoren hitzetan, «artista baten sortze prozesuan parte hartzen duten elementu asko eta asko» biltzen dira bertan eta hori ezohikoa dela uste du: «Komunitate bati ondare izugarria utzi zion, oso gutxi dira halako ondarea uzten dutenak: Oteizak Sao Paoloko biurtekoa eta abar irabazi bazituen ere, ez zen artearen merkatuaren zurrunbilo horretan sartu, bakartu egin zen. Museoan dauden gauzetariko asko bizi guztian zehar inguruan eduki zituen gauzak dira. Beste museo batzuetan oso gutxi dira halakoak eta ondare gisa hemen dagoen guztia herriari uztearen eskuzabaltasun hori ohiz kanpokoa da. Gure lana ondare hori beti bizirik egotea eta jendarteari helaraztea da».

Oteiza, «seduktore handia»

Hamarkada honetan 200.000 pertsonatik gora pasa dira behinola Oteizaren bizileku izan zen eraikinetik. «Hori -nabarmendu du Diaz Ereñok- inguruneak dituen abantaila eta desabantailak aintzat hartuta. Ez dago hona iristeko garraio publikorik, baina, bestalde, horrek ahalbidetzen du museora etortzen den jendearen gehiengo handia sinesmen eta behar batengatik etortzea. Horregatik, museo honenganako interes handia dago eta ez bakarrik Oteizaren figurarekiko interesa, baita XX. mendeko arte garaikidearen barnean Oteizak irudikatzen duenarekiko interesa ere».

Alde horretatik, museoko zuzendariak «seduktore handitzat» du oriotarra: «Zegoen lekuan zegoela errebultsiboa zen. Sortzeaz gainera, sormena sustatzen zuen, eta artea besteentzat, gizartearentzat den ideia garatu zuen; artea hezkuntza dela eta artea, kultura eta hezkuntza banandu ezinezkoak direla». Zentzu horretan, bisitariek lilura hori «pairatzen» dutela ziurtatu du. «Atsegina hartzen dute. Gizarte honek arte garaikidea errefusatu egiten du. Artea ez dugula ulertzen, ez dugula ezagutzen esaten dugu maiz. Kosta egiten zaigu artelan baten aurrean jarri eta emoziona gaitzan uztea. Emozioak subjektiboak dira eta guk ikusten duguna da emozio horiek hemen azaleratu egiten direla. Nolabait esatearren -jarraitu du-, artistak eskultura bat edo liburu bat ikusle baten aurrean jartzen duenean jada ez da egilearena, ikuslea da obra bere egin eta nolabait amaitzen duena. Hemen emozionatzeko era hori antzeman egiten dugu, zenbaitetan forma geometrikoak eta abar tarteko, beste batzuetan eraikinagatik».

Museoan ikerketa lanak ere egiten dituzte. Hamarkada batean, Oteizaren alderdi eta interes ezberdinak jorratzen zituzten 32 lan argitaratu dituzte, eta, Diaz Ereñok ziurtatu duenez, hori hasiera besterik ez da: «Bilduma ezberdinetan, Oteizak argitaratu zituen obren ikerketa kritikoak argitaratu ditugu, baita poesia ere, proiektu zehatzen koadernoak... Argitalpen guztiokin eraikitzen ari garena artistaren biografia oso sakona da, eta hori egiten jarraituko dugu», ziurtatu du. Momentuz, antropologia, matematika, zinema, erlijioa, filologia... dozenaka gai oinarri hartuta landu dute Oteizaren figura, baina argi dute, denaren gainetik, «humanista» zela, «denarekiko interesa zuen pertsona. Bere pentsamendua idatzi duen artista gutxietako bat izan da eta argitaratu zuena eta argitaratu gabe utzi zuena, dena utzi zigun».

Alde horretatik, datozen urteei begira ikerketa lana oso presente egongo dela ziurtatu du Diaz Ereñok: «Oraindik ikerketa askotarako ematen du Oteizak. Ikertzaile bakoitzak bere jakinduriaren araberako azterketak egiten ditu eta Oteizak alor asko jorratu zituen». Hilabete honetan, esaterako, bi argitalpen berri kaleratuko dituzte: «La ley de los cambios», Fernando Golvanok idatzia, eta 8. koadernoa, Felipe IV.ari buruzkoa. Azken horretan, «sekula argia ikusi gabeko gauza oso interesgarriak» ezagutuko ditugula aurreratu du Diaz Ereñok.

Esandako guztia aintzat hartuta, «museora joan eta disfrutatzeko» zein «XX. mendeko artista onenetakoaren sormen lanak eraman zaitzan uzteko» gonbidapena egin du Diaz Ereñok, «utziz gero, Oteizak beti harritzen duelako bisitaria».