Jabier Kaltzakorta markinarra euskaltzain oso izendatu dute

Jabier Kaltzakorta markinarra euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak, Jose Luis Lizundiak emeritu izatearen ondorioz sortu den hutsunea betetzeko.

NAIZ.INFO|BILBO|2013/07/19 12:09
Jabier_kaltzakorta
Jabier Kaltzakorta, euskaltzain oso izendatu berria. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Euskaltzaindiak gaur egin duen osoko batzarrean Jabier Kaltzakorta Elortza izendatu du euskaltzain oso, Jose Luis Lizundia euskaltzain emeritu izatearen ondorioz sortu den hutsunea betetzeko.

Kaltzakortak gehiengo osoa lortu du bozketan. Itziar Laka zen beste hautagaia.

Euskaltzain oso berria markinarra da eta 1994tik Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, Euskal Filologia graduan. Euskaltzain urgazlea da, 1996an izendatua, eta 1996tik Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kide.

Urteak daramatza euskal herri-literaturearen adar edo genero ezberdinak ikertzen, batez ere ahozkotasunari dagozkionak: errefrauak, ipuinak, baladak, bertsoak... Oro har, herri literaturan eta paremiologian aditua da. Lexikografiaz ere aritu da zenbait artikulutan.

Hainbat aldizkaritan idazten du, euskal hizkuntza eta literaturari buruz.