AIMAR ETXEBERRIA
DONOSTIA

26 milioi euro bilduko ditu Gipuzkoak garraiolariei ezarriko zaien foru-arauarekin

Gipuzkoako errepideak igarotzen dituzten ibilgailu astunen %76 gipuzkoarra ez dela kontuan hartuta, 26 milioi biltzea espero du Gipuzkoako Aldundiak 2014ko urriaren 1ean martxan jarri nahi duen foru-arau berriarekin. 14 Arkupe izango ditu guztira sistema berriak, N-I, A-15, GI-632 eta N-121 errepideetan banatuta.

Joseba Altubek eta Larraitz Ugartek aurkeztu dute plana. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Joseba Altubek eta Larraitz Ugartek aurkeztu dute plana. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

«Egun garrantzitsutzat« jo du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak gaurkoa. Herrialdeko errepideak finantzatzeko garatu duten foru-arauaren zati bat aurkeztu dute berak eta Bide Azpiegituretako zuzendari den Joseba Altubek, ibilgailu astunena, hain zuzen ere.

Eginikoarekin «gustora» agertu da prentsaurrean, nahiz eta aitortu euren esku egon balitz gauzak beste era batera egingo zituztela. Garraio astunaren alorrean Europatik ezartzen dituzten lege zorrotzak izan ditu hizpide, eta ezarritako eremu horren barruan mugitzera behartuak zeudela gogorarazi du.

Gaurtik aurrera jendaurrean izango da foru-araua eta, Diputatuen Kontseiluak onespena eman eta Batzar Nagusiek onartu ostean, 2014ko urriaren 1ean martxan izatea espero duela adierazi du.

Garatu duten proiektuaren arabera, 26 milioi euro utziko dituzte ibilgailu astunek urtean. Altubek onartu duenez, Gipuzkoa «pasabide bat» da Europatik datozten ibilgailuentzako eta herrialdetik igarotzen den diren ibilgailu astunen %76 ez da gipuzkoarra.

14 Arkupe izango dira guztira N-I, A-15, GI-632 eta N-121 errepideetan banatuta. Hala, Via-T irakurgailua edota euren matrikula kreditu-txartel batera lotua izan beharko dute garraiolariek. Ordaindu beharreko prezioak egun AP-I eta AP-8an ordaintzen direnak baino merkeagoak izango direla ere aurretau dute eta 15. bidaiatik aurrera %13ko deskontuak aplikatuko zaizkie ibilgailu astun guztiei, euren jatorria kontuan hartu gabe.

Zigor prozedura bat ere hartu dute kontuan araua lantzeko orduan. Ordainketa bat ez egitea zigor arin gisa kontsideratuko dute eta isun bat izango du, 150 eta 1.999 euro bitartekoa, nahiz eta hain urrutira ez direla joango azaldu duten.

Garraiolarien kexaz «kontziente» dela esan du Ugartek eta horiek «babestu» egin behar direla gaineratu du. Horretarako garraio gastuak garraioa egiten duen enpresak berak bere gain hartu beharko lituzkeela adierazi du, «beste hainbat herrialdetan egiten den bezala». Horren giltza, ordea, Estatu espainiarrak duela azaldu du.

EAJri erantzuna

GBBko bozeramailea den Maria Eugenia Arrizabalagak atzo emaniko prentsaurrekoa ere izan du hizpide Ugartek. Hala, zenbakiak publiko egin aurretik «eskema guztia ulertzeko» deia egin dio, «gainontzean barregarri geratzeko arriskua baitago». Bidegiren Administrazio Kontseiluan orain gutxi arte euren erabakiz ez parte hartu izana ere egotzi die jeltzaleei.

Altubek foru-arauaren lanketan parte hartu duen teknikari guztiak zoriondu ditu, «azken 20 hilabeteetan egin duten lanagatik». Hori horrela, ezartzera doazena «puntako sistema» dela esan du eta batzuek «barkamena» zor dietela gaineratu du.