NAIZ.INFO
GASTEIZ

PPren Gobernuak 430 euskal udalerri desagerrarazi nahi dituela ohartarazi du EH Bilduk

Mariano Rajoyren Exekutiboak abian jarritako udal arloko erreformak Hego Euskal Herriko 430 udalerri desagerrarazi ditzakeela salatu du koalizio abertzaleak. Gobernu espainolak Gasteizen eta Iruñean dituen ordezkaritzetan gutun bana entregatu dute, aipatu legearen aurka daudela aldarrikatzeko.

EH Bilduko hautetsiak, Gobernu espainolak Iruñean duen ordezkaritzaren aurrean. (NAIZ.INFO)
EH Bilduko hautetsiak, Gobernu espainolak Iruñean duen ordezkaritzaren aurrean. (NAIZ.INFO)

EH Bilduko zeinbait udal ordezkarik gutun bana entregatu dute Gobernu espainolak Gasteizen eta Iruñean dituen ordezkaritzetan, PPren Exekutiboak «inposatu nahi» duen Udal Legearen aurka daudela adierazteko.

Lege horren ondorioz Hego Euskal Herriko 430 udalerri desager daitezkeela ohartarazi dute.

Horrez gain, tokiko administrazioaren erreformak bi helburu nagusi dituela azaldu dute hautetsi abertzaleek: «botere instituzionala zentralizatzea eta oinarrizko zerbitzu batzuen pribatizazioari ateak zabaltzea».

«Herritarrak ere kaltetuak izango dira, zerbitzu publikoetan eta prestazio sozialetan eragin zuzenak baititu legeak, bai kalitantean bain zerbitzu horien estaldura mailan», nabarmendu dute, Carmen Alba eta Carlos Urquijo ordezkariei zuzendutako gutunean.

Gaineratu dute Hego Euskal Herriko instituzio gehienak udal arloko lege honen aurkako jarrera agertu dutela, eragile sozial eta sindikalekin batera.

Zentzu horretan, aldarrikatu dute «argiro» azaltzen dela Euskal Herriak «bestelako eredu politiko, ekonomiko eta sozial baten alde egingo duela».

«Erasoa larri da eta tamaina bereko erantzuna emateko prest gara, herri gisa erantzungo dugu, gizartetik, esparru guztietatik, eragile politiko eta sozial guztietatik», adierazi dute.

EH Bilduko hautetsi gisa ere legearen eta haren ondorioen aurka egingo dutela ohartarazi dute, eta Alba eta Urquijori eskatu diete herritarren hitza eta erabakia errespetatzeko.