@aimar_etxe
Pasaia

Jasotako laguntza eskertu eta eratu duten batzordearen berri eman dute Trintxerpeko kaltetuek

Ezbeharra jazo zenetik 23 egun igaro ondoren, jaso duten laguntza guztia eskertu eta eratu berri duten batzordearen berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute Trintxerpeko sutearen ondorioz kaltetuak suertatu ziren bizilagunek.

Batzordeko bozeramaile Ane Piñeirok eman ditu azalpenak prentsaurrean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Batzordeko bozeramaile Ane Piñeirok eman ditu azalpenak prentsaurrean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Trintxerpeko sutearen harira kaltetutako bizilagunek prentsaurrekoa eskaini dute, ezbeharra jazo zenetik gaur arte jaso duten babes eta laguntza guztia eskertu eta eratu berri duten batzoerdearen berri eman asmoz. Aipatu batzordeko bozeramaile izendatu duten Ane Piñeirok hartu du hitza agerraldian.

«Eskerra herritar, hiritar, elkarte, erakunde zein administrazio ezberdinei ematea nahi genuke», adierazi du. Ildo horretan, sutea gertatu osteko lehenengo momentu horiei aurre egitea errazago izan zaiela nabarmendu du.

Era berean, sortu berri duten batzordearen berri eman du, zeinaren egitekoa bizilagunen iritzia jaso eta Pasaiako Udalarekin eta bestelako erakundeekin bitartekaritza lanak egitea izango den. Argi utzi nahi izan du, halaber, aurrerantzean batzordetik kanpo egiten den adierazpen oro iritzi pertsonal soil bat izango dela, hau da, ez lukeela bizilagunen pentsatzeko erarekin bat egingo.

Sutearen jatorriari dagokionez, «kontrolik gabeko piroteknia gailuen» ondorio izan zela adierazi du eta, ondorioz, jazotakoaren inguruan zerbait dakiten pertsonei Ertzaintzarengana zuzendu eta dakitenaren berri emateko eskatu die.