21 lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, «terrorismoa goratzea» leporatuta

Guardia Zibilak hogeita bat pertsona atxilotu ditu Euskal Herrian, Asturiasen, Gaztela-Leonen, Galizian eta Katalunian, sare sozialetan «ETAren terrorismoa goratzea» leporatuta. Atxilotuek ez dute zerikusirik euren artean. Euskal Herrian hamabost izan dira atxilotuak.

Naiz.info|Donostia|2014/04/28|15 iruzkin
Gernika
Manifestazioa Gernikan, gaur arratsaldean. (@iPtx)

Guardia Zibilak hogeita bat pertsona atxilotu ditu Euskal Herrian, Asturiasen, Gaztela-Leonen, Galizian eta Katalunian, sare sozialen bidez «ETAren terrorismoa goratzea» leporatuta, Barne Ministerio espainolak arratsaldean ohar batean zabaldu duenez. Atxilotuetako bi adin txikikoak dira. ‘Araña’ izena jarri dio operazioari.

Iturri horren arabera, atxilotuei sakeleko telefonoak eta bestelako gailu elektronikoak atzeman dizkiete. Sare sozialetan atentatuak gorestea, epaitutako «terroristak» goratzea, aske geratu diren «preso terroristei» ongietorria ematea eta ETAren biktimek jasan dituzten «kalte fisikoen erreferentzia umiliagarriak» egitea egozten diete.

Hamabost Euskal Herrian

Atxiloketetako hamabost Euskal Herrian izan dira, Asturiasen bi, Gaztela-Leonen bat, Galizian bat eta Katalunian beste bi. Ormaiztegin Karmele Dorronsoro atxilotu dute goizeko 9.30ean. NAIZek jakin ahal izan duenez, Intxaurrondoko kuartelera eraman dute. Bere abokatuak aditzera eman duenez, ia hamabi ordu atxilo egon ostean utzi dute aske. Konfiantzako abokatuarekin egon da une oro eta Guardia Zibilaren aurrean ez deklaratzea erabaki du.

Arbizun Asier Gartziandia eraman du Guardia Zibilak, Ahotsa.info atariak jakitera eman duenez. Dirudienez, lekukoek ikusi dute nola Gartziandia lurrera bota duten guardia zibilek. Zuriñe Peral Gernikan atxilotu ei dute, eta Aitor Martinez laudioarra, berriz, Bilbon, Aiaraldea.com atariak adierazi duenez. Hiruak libre geratu dira gauerdia baino lehen.

Erlantz Lopez de Ocariz eta Santos Dual Gonzalez Gasteizen atxilotu dituzte, sare sozialetan zabaldu denez. Baita neska bat, galiziarra hain zuzen, eta hau Sansomendiko kuarteletik gauean aske atera da. Gainontzekoen berririk ez da zabaldu. Euskal Herritik kanpo, Leonen, Aitor Cuervo poeta atzeman dute.

Eloy Velascoren babesa

Auzitegi Nazionaleko iturriek azaldu dutenez, operazioak Eloy Velascok epailearen babesa du. Horien arabera, epailearen zeregina litzateke atxilotuek ustez Twitterren txiokatu edo beste sareren batean zabaldu dituzten mezuak benetan argitaratu zituztela egiaztatzea. Atxilotuek euren artean zerikusirik ez dutenez, auzia Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaitegien artean banatuko da eta horien esku geratuko da atxilotuei deklarazioa hartzea.

Mobilizazioak

Operazioak kritika anitz jaso ditu sare sozialetan. Kalean ere egin dira mobilizazioak herri ezberdinetan, adibidez manifestazioa Gernikan eta kontzentrazioak Arbizun eta Laudion, hau Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean. Bihar Gasteizen egingo da, 19.30ean Andre Maria Zuriaren plazan.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK