Iazko lubakiko lanak amaitu eta mendian metro batzuk gorago ari da auzolandegia indusketak egiten. Uztailaren 7an hasi ziren eta 20ra bitartean ingurua garbitu eta lubakiak azaleratzeko ardura dute Aranzadirekin batera ekimen honetan parte hartzen ari diren Euskal Herriko 19 gazteek. Gehienak Historia ikasleak dira, maila desberdinetakoak.
Gaur goizean Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek bisita eskaini diete Udako Euskal Unibertsitateko, Udalbiltzako, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udaletako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei, erakunde horiek baitira ‘Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentzia oroimena eta aztarnen bila’ auzolandegiaren antolatzaileak. Honen helburua da gertatutakoaren egia bilatzea eta hedatzea, memoria kolektiboan txertatzeko asmoz. Indusketa hauek «hemen eskubide eta askatasun guztiak 40 urtetan zehar zapaldu zituztela ez ahazteko» egiten ari direla aipatu du Martin Garitano ahaldun nagusiak.
Aztarna arkeologiko eta historikoen bila ari dira, eta ez gorpuzkinen bila. Hala ere, Aranzadiko arduradunek ez dute uste halakorik izango denik. Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo mendietan zer gertatu zen kontatuko diguna aurkitu dute, ordea. Alde batetik, frankistei erresistentzia egiteko erabili zituzten ehunka metro lubaki daude Belkoain mendiko Saseta defentsa-sisteman.
Pixkanaka mendia garbitu eta horiek agerian uzteko asmoa dute. Bestalde, metal detektoreei esker, balak, bala-zorroak eta goilara zein sardeskak aurkitu dituzte (bertan bazkaldu ere egiten zuten erresistentziako kideek).