NAIZ
Derio

ZTE multinazional teknologikoak Zamudion instalatuko du Europako hegoalderako egoitza

Euskaltelekin aliantza estrategikoa eginda, ZTE multinazional teknologiko txinatarrak Euskal Herrian kokatuko du Europa hegoaldean zerbitzua emateko egoitza. 10 urtetarako akordioa sinatu dute euskal operadoreak Derion duen egoitzan.

Xiao Ming eta Alberto Garcia Erauzkin (EUSKALTEL)
Xiao Ming eta Alberto Garcia Erauzkin (EUSKALTEL)

Zamudion, Bizkaiko Parke Teknologikoan, kokatuko du ZTEk kontinenteko hegoaldea elikatuko duen egoitza. Zentro berriak hasiera-hasieratik bereganatuko ditu Euskalteleko sareak. Zentzu honetan, lanpostuak eta lan baldintzak bermatuko direla adierazi dute akordioaren bi aldeek.

Aliantza honen bidez, euskal operadoreak eraldatu egingo du Eragiketak eta Sareko teknologiak atalaren eredua «mundu mailako merkatu lehiakor berrira egokitzeko». Alberto Garcia Erauzkinek, Euskalteleko presidenteak, akordioa goraipatu du: «Aliantza honek aukera emango du aberastasuna eta enplegua sortzeko, eta garrantzitsua izango da gure herrialdearen industriarentzako».

Era berean, Xiao Mingek, ZTEren Europako lehendakariak, ildo beretik jarraitu du: «Egoitza berriak aukera ematen digu lan-aukera hobeak eskaini eta lanpostu kualifaktuak sortzeko», azaldu du.

Euskaltelek azpimarratu nahi izan du mugimendu hau sektoreko beste industria batzuentzako ere eragilea izan litekeela.