Pablo Gorostiaga aske geratu da

Egin egunkariko kontseiluko kidea izateagatik kartzelaratu zuten 2007an 18/98 makrosumarioaren baitan. Goizeko 7.30ak inguruan atera da Herrera de la Manchako espetxetik.

NAIZ|2015/03/22 08:51
Gorostiaga
Pablo Gorostiaga. (vía twitter aiaraldea)

Laudioko alkate eta Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izandako Pablo Gorostiaga aske geratu da igande goizean. 18/98 makrosumarioan ezarritako zortzi urteko espetxe zigorra bete du eta Herrera de la Manchako kartzela atzean utzita Euskal Herrira bueltan da.

Lagun eta senide ugari joan dira kartzela atarira lehen ongi etorria emateko. Gorostiaga 73 urterekin atera da kartzelatik eta senideek salatu izan dutenez, orain dela hiru urtetatik aske egon beharko luke Espainiako legediaren arabera 70 urte dituzten presoek baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea baitute.

2013ko Laudioko San Roke jaietan pregoilari izateko hautatua izan zen herritarrek hala aukeratuta. Baina Espainiar Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok epaitegietara eraman zuen izendapena «terroirsmoa goratzea» zela argudiatuz eta epaitegiek debekatu egin zuten.

2013ko udazkenean berriz, Gorostiagaren emazte Judith Uriarte hilzorian zegoela, Laudiora gerturatzeko eskaera egin zuten senideek. Nahiz eta eskaera onartu, Gorostiagak ezin izan zuen emaztea agurtu hil aurretik eta omenaldirako iritsi zen.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK