NAIZ
BAIONA

Alberto Plazaola oñatiarra atxilotu du Polizia frantsesak Ziburun

Alberto Plazaola preso ohi oñatiarra atxilotu du Polizia frantsesak Ziburun gaur goizean. Iazko abenduan geratu zen aske baina Gorenak erabakia baliogabetu egin zuen. Bizitza normala egiten zuen Lapurdin.

Ziburun (irudian) eta Oñatin atxiloketa salatzeko elgarretaratzeak izan dira iluntzean (M.U.)
Ziburun (irudian) eta Oñatin atxiloketa salatzeko elgarretaratzeak izan dira iluntzean (M.U.)

Alberto Plazaola preso ohia atxilotu du Ziburun gaur goizean Polizia frantsesak. Bizitza normala egiten zuen oñatiarrak.

Santi Arrozpiderekin batera kaleratu zuten iazko abenduaren 4an, 24 urte kartzelan egin ostean, baina martxoan Auzitegi Gorenak aske uzteko erabakia baliogabetu eta biak espetxeratzeko agindu zuen berriro, Estatu frantsesean preso egin zituzten urteak ez zizkiotela kontuan hartuko argudiatuta.

Guardia Zibila Plazaolaren bila joan zen, baina ez zuen atzeman. Ondoren Auzitegi Nazionalak bilatze eta atxilotzeko agindua eman zuen.

Baionako prokuradoreak baieztatu duenez, Pauera bidean daramate oñatiarra, bere aurka Espainiako Estatuak egindako euro agindua tarteko atxilotu baitute. Bertako epaileak erabakiko du Espainiaratzea erabaki bitartean espetxean edo kalean egon behar duen.

Bake prozesuaren aurkako erasoa

Sortuk Alberto Plazaolak espetxean igarotako denbora gogoratu eta herritarrak «Plazolaren kontrako gehiegikeria» salatzera deitu ditu. Paueko epaitegiaren azken erabakia «Plazaolaren interesen mesedetan» izatea espero duela adierazi du Sortuk eta erabaki hori hartu bitartean aske uzteko eskaria egin du.

EH Bai koalizio abertzaleak ere atxiloketa «bake prozesuaren aurkako eraso zuzena» dela salatu du. Taubira (Justizia) eta Cazeneuve (Barne) ministroen azken hitzak izan dituzte gogoan, «gatazkaren konponbidean urratsak emateko borondatezkoak ziruditen hitzak» zirela aipatuz. Eta galdera jarraian, «modu honetan sortu nahi du baretze giroa? Ez alda garaia presoen etorkizunaz eztabaidatzeko fase bati ekiteko?»

EH Baik azpimarratu du «espetxeak husteko garaia» dela «ez horiek betetzen jarraitzekoa». Antzeko bidetik ekin du Bagoaz kolektiboak ere bere salaketa, «duela egun batzuk Christianne Taubira entzun dugu presoen eskubideetaz mintzo eta zehazki haien hurbilketaz, eta gaur 60 urte baino gehiagoko gizon bat atxilotzen dute, 24 urtez preso egondako gizon bat», salatu du. «Marra gorriak badira, ezin da erran alde batetik presoen eskubideak bermatuko direla hurbilketa aipatuz eta bestetik atxiloketa hau burutu», erantsi du.

Etxeratek ere gogor gaitzetsi du oñatiarraren «bidegabeko atxiloketa» eta «oihartzun mediatikoa lortzeko xede garbiarekin burutu den atxilotze berri hau lotsagarria eta kriminala» dela nabarmendu du.

Mobilizazioak Oñatin eta Ziburun

Atxiloketa salatzeko elgarretaratzeak izan dira iluntzean Alberto Plazaolaren jaioterrian, Oñatin, eta orain bizileku zuenean, Ziburun.