NAIZ

Alex Txikonek Nanga Parbateko tontorra egin du

Alex Txikon bizkaitarra eta bere espedizioko bi kidek Nanga Parbateko (8.126 metro) tontorra egin dute. Historia egin dute, neguan gailur hau egitea lortu duten lehenbizikoak izan dira-eta. Mendizale euskaldunaren 11. zortzimilakoa da.

Laugarren kanpaldian egin dute lo eta bertatik modu honetan ikusten da gailurra. (alextxikon.com)
Laugarren kanpaldian egin dute lo eta bertatik modu honetan ikusten da gailurra. (alextxikon.com)

Alex Txikonek gailurra egin du Nanga Parbaten. 8.126 metrotrara dagoen tontorrera iritsi da mendizale bizkaitarra, bere espedizioko bi kiderekin batera, Ali 'Sadpara' eta Simone Moro. Tamara Lungfer zerbait beherago geratu da. Historian inork lortu ez duen zerbait lortu dute, Nanga Parbateko tontorrera neguan igotzea.

Goizaldeko 05:30ak aldera abiatu dira 4. kanpalekutik, bertan gaua igaro ostean (7.200 metro). Espedizioko gainontzeko kideek, mendiak eskaintzen duen ikuspegi onari esker, oinarrizko kanpalekutik jarraitu ahal izan dute igoera. Adierazi dutenez, tontorrera daraman korridoran Txikon bera, Moro eta Lungfer izotz eta elur tartean zebiltzan bitartean, Sadpara arroken artean igotzen ari zen.

Euskal Herrian 17.00ak pasata zirela, Txikon eta beste espediziokideak 4. kanpalekura iritsi dira. Bihar behe kanpalekurako bideari ekingo diote. Bere Facebook orrialdean adierazi duenez, «pozik eta harro» daude egindakoarekin baina egun «oso oso gogorra eta luzea» izan dela nabarmendu du lemoaztarrak.

Txikonen 11. zortzimilakoa da da Nanga Parbat. Iaz ere saiatu zen neguan Nanga Parbateko gailurra egiten, baina tontorretik hiru ordura zegoenean eman behar izan zuen buelta. Bizkaitarrak eta bere taldeak hau lortuta, K2 (8.611 metro) da neguan igo ez den zortzimilako bakarra.