NAIZ
MAULE

Mauleko hiltegia itxi dute, elkarte batek animaliei tratu txarrak eragiten dizkietela salatu ondoren

Mauleko hiltegia ixtea erabaki du alkateak, L214 elkarteak animaliei tratu txarrak eragiten dizkietela salatu ondoren. Aipatu elkarteak kamera ezkutu baten bidez grabatu ditu animaliak hiltzeko erabiltzen dituzten modu «krudelak» eta salaketa jarri du Paueko Auzitegian.

L214 elkarteak Mauleko hiltegian behikunde, txahal eta arkumeekin erabiltzen dituzten metodo «krudelak» salatu ditu, bideo baten bidez.

Hilabete honetan hiltegiko hainbat gelatan kamera ezkutuak jarri dituzte eta bertan bildu dituzten irudiak ikuskatu ondotik bertara eramaten dituzten animaliei tratu txarrak eragiten dizkietela salatu du. Irudiak oso gogorrak dira.

Mauleko alkate Michel Etxebestek, albistea jakin bezain laster, Laborantza Ministerioari jakinarazi dio eta prebentzio gisa hiltegia ixtea erabaki du.

Bideoan Mauleko hiltegian erabilitako metodoak ikus daitezke: bizirik dauden animaliak zintzilikatzen eta mozten dituzte, abereak deskarga elektrikoen bidez hiltzen dituztelarik askotan huts egiten dute. Horren eraginez, L214 elkarteak salaketa jarri du Paueko Auzitegian eta, horretaz gain, sinadura bilketa martxan ezarri du.

«Ez nekien deus. Auzapez gisa, inkesta egin arte hiltegia hestea erabaki dut», azaldu du Etxebestek, Kazeta. eus-ek jasotako adierazpenetan. Halaber, hiltegiko zuzendariak bi langileak kanporatzea erabaki du. Alkateak nabarmendu duenez «kalte ekonomikoak handiak izanen dira».  Bezero guztiei deitu dietela erantsi du.

Mauleko hiltegiak 37 langile ditu eta, zuzendaritzaren arabera, 3.000 tona haragi lantzen dituzte urtero. Horietako %40a Xiberoan hazitako kabalak dira.

Salaketaren berri izan bezain pronto alkateak Laborantza Ministerioari jakinarazi dio eta honek ikerketa abian jarriko duela iragarri du. Hala, fiskalei Estatu osoko hiltegiak ikertzeko agindu die.