Nagore Belastegi

Ekainaren 5ean egingo dituzte galdeketak 34 herritan

Ekainaren 5ean egingo dituzte Gipuzkoako Goierri eta Debagoiena eskualdeetan, Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren euskal estatuari buruzko herri galdeketak. 150.000 herritar deituko dituzte hautetsontzietara. Azaroan egingo dituzte Diman eta Bakaikun. 

Agerraldi jendetsua egin dute Donostiako Zurriolan. (@iontelleria)
Agerraldi jendetsua egin dute Donostiako Zurriolan. (@iontelleria)

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak agerraldi jendetsua egin du Donostiako Zurriola hondartzan, eta azaldu duten bezala, ekainaren 5ean egingo dituzte herri galdeketak. Kontsulta egingo duten 34 herrietako 130 ordezkari inguru bildu dira hondartzan eta, une horretan euria egin arren, eskuak altxatu dituzte Euskal Herriaren etorkizuna euren esku dagoela adierazteko.

Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas bozeramaileez gain, Oarsoaldeako eta Ezkerraldeako ordezkariek ere «lehen olatu» honen aldeko hitzak eskaini dituzte. Izan ere, bigarren eta hirugarren bultzada bat izango dira erabakitzeko eskubidearen prozesu honetan. Akordio bat erdietsi nahi dute 2018 urtea bitartean. Prozesu horren baitan, beste herri batzuk gehitzen joango dira galdeketen dinamikara. Datorren urterako jada beste dozenaka herritan egingo dituzte kontsultak.

Galdeketaren data aldatu behar izan dute, ekainaren 12an eta 19an ziren gehienak egitekoak, baina Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina dela-eta, aurreratu egin behar izan dituzte. Bestalde, Diman eta Bakaikun egitekoak ziren galdeketak azarora atzeratuko dituzte eta iragarri dutenez 2017ra begira antolatzen ari dira Euskal Herriko eskualde ezberdinetan galdeketak egiteko.

Azken urteetan pauso handiak eman ditu Gure Esku Dagok. Durangotik Iruñearako giza katea etorri zen lehenengo, mosaiko erraldoia ondoren eta iaz Euskal Herriko bost hiriburuak oihalen bidez josi zituzten. Azaroan hausnarketa prozesuari ekin zioten eta orain «erabakitzen hasi gara», ordezkariek azpimarratu duten bezala.