NAIZ
BILBO

Gazte Akelarrerako prestatu duten egitarauaren berri eman dute Ernai eta Aitzinak

Berriki aurkeztutako kontzertuez gain, Ernai eta Aitzina antolakundeek datorren apirilaren 13tik 15ra Zornotzatik Igorrera egingo duten Gazte Akelarrerako prestatutako egitarauaren berri eman dute: hitzaldiak, tailerrak, txapelketak, mobilizazioa... Apirilaren 16an Gernikan ospatuko den Aberri Egunera joango dira gazteak.

Udaberrirako Ernai eta Aitzina antolakundeak prestatzen ari diren Gazte Akelarrea gorpuzten doa pixkanaka.

Duela egun gutxi, apirilaren 13tik 15era bitartean Zornotza eta Igorre artean egingo den ekimena musikaz jantziko duten taldeen berri eman zuten: Gatibu, Soziedad Alkoholika, Willis Drummond, Anari, Gatillazo, Huntza, Koban, Riot Propaganda, Mafalda eta La Jodedera izango dira, besteak beste, taula gainean.

Musikaz gain, eskaintza kultural eta politiko zabala prestatu dute, hitzaldi, tailer eta txapelketa andana antolatuta. Hitzaldiei dagokionean, esate baterako, herri boteretzea prozesu iraultzaileetan, MST-ko eskola nazionala, preso politikoen borrokaldiak EPPKn, ekonomia feminista edota errefuxiatuen afera izango dituzte mintzagai.

Zurgintza, serigrafia, harrigintza edota pasta tailerrez gain, pilota edo eskalada txapelketak ere prestatu dituzte.

Larunbatean mobilizazio nazionala egingo dute eta igandean, apirilak 16, Gernikan ospatuko den Aberri Egunera joateko deia egin dute.

Jakinarazi dute Euskal Herriko txoko desberdinetan salgai daudela hiru egunetarako bonoak, edo egun solteetarako sarrerak. Ekimenari buruzko informazio guztia Gazte Akelarreraren webgunean dago eskuragai.