Aritz Otxandiano
Otxandioko alkate ohia
Txakur ameslariei
2017/03/31 00:00

Korrikari buruz idaztea nire herriari eta familiari buruz idaztea ere bada niretzat, estuki lotua baitago Korrika Otxandiori eta nire familiari. Aurtengo Korrika gure herrian hasteko ohorea izan dugu, eta lehen kilometroa nire osaba zenaren omenez izan da, Joseba Kanporen omenez. Bera izan zen, bere lagun min Urtsa Errazti eta beste batzuekin batera korrikaren sortzaileetakoa. Maite zituen osabak txakur ametsak, eta txakur ametsak maite dituzten pertsonak daudelako dira posible Korrika bezalako ekimen herritar, zabal eta anitzak, jendartean ilusioa eta harrotasuna sortzeko gaitasuna dutenak. Bejondeiela lehengo eta oraingo txakur ameslariei!

Otxandion ere horrela hartu dugu Korrika gure herrian hasteko aukeratuak izatea, ilusioz eta harrotasunez. Harrotasunez, Euskal Herrian dauden ehunka herrietatik gurea aukeratu delako. Eta ilusioz, beste behin ere, gure herri txiki honek dituen bertuteak plazaratzeko aukera eman digulako. Eman ditu pertsonaia ospetsuak, Felipe Arrese Beitia eta Carmelo Bernaola kasu, baita euskararen ikerlari heterodoxoak ere, Bittor Kapanaga adibide, baina horien gainetik zerbaitek ezaugarritzen badu gure herria hori bere nortasun komunitarioa da. Modernitateak gizartea indibidualizatu eta likidotu duen garaiotan, sustrai komunitarioak osasuntsu mantentzen jakin izan du. Auzolanak ezaugarritzen du gure herria, eta auzolanak egin du posible 20. Korrikaren hasierako egitarau herrikoi eta oparoa. Bejondeiela lehengo eta oraingo otxandijoarrei!